"LEYUAD, bertsoen putzurako bidaia bat" filmaz, bi hitz

Erabiltzailearen aurpegia Josu Jimenez Maia 2017ko urr. 24a, 18:58

Leyuad filmak Saharako kultura du gai nagusia, eta bidaia fisikoa ez ezik garrantzitsuagoa den bidaia espirituala ere bada: basamortuko gizon-emakumeen kulturarako bidaia. "Bertsoen putzurako bidaia bat" azpititulua duen film honetan ikusiko dugu basamortuan harea baino gehiago dagoela; kultura bat duten gizon-emakumeak bizi dira bertan, bizimodu gogorra baina aldi berean eskuzabala daramaten gizon-emakumeak. Izan ere, "Leyuad" hitzaren esnahaia, bereber hizkuntzaz, "eskuzabalak" da.

Gogoratu Saharako herria zatiturik dagoela gaur egun: saharar batzuk Marokok okupatutako zonaldeetan, eta bestetzuk —40 urte baino gehiagoz— errefuxiatu kanpamentuetan, Arjeliako basamortuaren basamortuan, Nazio Batuen Erakundeak ahaztuak... baina ez guk. Ahaztuak ez ditugulako hain zuzen, garrantzitsua da  film hau ahalik eta leku gehienetan erakustea; orain arte, jadanik zine-jaialdi batzuetan aurkeztu den filma dugu, giza eskubideak eta kultura ardatz dituzten festibaletan batez ere.

Iazko apirilean estreinakoz eskaini zenetik, filmak sari eta aipamen berezi batzuk jaso ditu dagoeneko, eta horrek berebiziko garrantzia hartzen du kontuan hartuz film hau zirkuitu profesionaletara atera den lehen film sahararra dela: talde tekniko osoa Saharako Zine Eskolarena da, artista guztiak sahararrak; ekoizpenean lagundu du Saharako zine eskolak hala nola Bubisherrek, errefuxiatu kanpamentuen liburutegi sareak. Bubisher sareari atxikiturik, Euskal Herrian KABIAK izeneko elkartea sortu zen eta hain zuzen ere KABIAKen eskutik eskaintzen da film hau estreinakoz Nafarroan. Filmazioa 2014an egin zen errefuxiatu kanpamentuetan; montaketa eta post-ekoizpena, 2015ean; iaz zine-jaialdietan ikusi zuten; eta orain, 2017an, ikusteko aukera izanen duzue;  larunbat honetan, 7,30etan, Antsoaingo antzokian.
Ez galdu Leyuad, gogoak astintzeko eta hausnarketarako balio duen filma.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!