Bote-boteka gindoazen, batez ere, atzeko aldean gindoazenok, eta behin baino gehiagotan jo nuen ibilgailuaren sapaia buruarekin. Ezin daiteke erraza izan horrelako traste bat gidatzea Saharako basamortuan barna, noranahiko ibilgailua izanik ere.
Libertigarriena izan zen Sidik zigarreta bat ahoratu eta pizteko orduan txiskeroa erori zitzaionean. Sakelako telefonotik hitz egiteari utzi gabe, eroritako txisteroari bilatzeari ekin zion eta, horretarako, bolantea askatu zuen. Gasgailua zapalduta, lur mortuan barrena gindoazen abiadura ederrean, punpaka eta saltoka, bolantea aske eskurik gabe, baina horrekin nahikoa ez eta, telefonozko kalaka eten egin gabe, Sidi-k autoaren atea zabaldu eta mugimendu harrigarri bat eginda, autoaren zorutik hartu zuen eroritako txiskeroa. Zigarrea piztu egin zuen azkenik. Orduan bukatu zuen telefonozko elkarrizketaldia; jarraian bufada handi bat bota zuen, ulertu ez genion elkarrizketaren gorabeherak hausnartzen ari zelako seinale.
Azkenik, esku batekin bolanteari heldu zionean, atzeko kristaletik begiratu nuen. Toyotaren gurpilek arrasto sakonak utzi zituzten hareatzan. Aitzakiarik gabeko zeru urdinetik begiratuko banitu bezala, arrastoek parabola simetrikoak marrazten zituela irudikatu nuen. Sidiren zigarretari ere, parabola perfektuen zirimolak ateratzen zitzaizkion.
Saharan egondako egunen oroitzapenak, iltzaturik ene gogoan. Badut Antsoaingo lagun bat, Manu, handik etorri berria dena. Zer moduz galdetuta, hauxe eman dit arrapostu: “Gorputza hemen daukagu, baina burua eta bihotza, oraindik han.”. Eta nik erantzun nion oso ongi ulertzen nuela sentsazio hori.
Agian sentsazio horregatik antolatzen dira urtero Sahararekiko Elkartasun egunak Berriozarren. Gaur bertan, 19:30etan, Berriozarko Udal Batzar Aretoan izanen dugu Zahara Ramdan, Saharako Emakumeen Elkarteko burua, eta Juan Karlos Izagirre medikua, Donostiako alkate ohia eta, esan gabe doa, Euskalerria Irratiko entzule guztiak gonbidatuta zaudete.
Sidi txoferra ez da egonen, Saharan dago, Toyotarekin parabolak marrazten basamortuan; guk ere, burua eta bihotza han daukagu.