Eskolan ikasitako eta —nire kasuan behintzat— irakatsitako kontu anitz eta askotarikoak ahanzturaren putzuan galduta daude honezkero, oroimenak ez baitu ikusitako, irakurritako, edota idatzitako oro gordetzeko gaitasunik —eta eskerrak!—. Bizipen batzuk, ordea, oroimenean zizelkatuak dauzkat, mugarrietako zenbakiak nola.
Gaztetan ikasi nuen Gurutze Plazako Ximenez de Rada institutuan mugarriei miliarium esaten zitzaiela irakatsi zidan latin-irakasle batek, parvus ezizenez deitzen genuena. Irakurleak, segur aski, latina ahaztuta dukeenez, irakasle tamainaz txikia zela argituko dugu, jakinduria zabaleko eta maila handiko irakaslea izanagatik. Erriberako herri batekoa zen, oso irakasle serioa, eta bere herrikide zen ikaskide batek kontatu zigunez, bazuen irakasle horrek goitizen bat, etxearen izenetik zetorkiona, esneketari ttipia, baina ikasleon artean errotu ez zena; guretzat, beti parvus.
Ikasleontzat parvus irakasle serio eta ona zen; latin irakasle horrek asko eta ederki egin zuen lan gurekin, gu oso jaioak eta latinari emanak ez egonagatik. Urteen joanean, ondorioztatu ahal izan dut, niri behintzat asko-asko irakatsi zidala. Halere, egia da nik latina ahaztuxea dudala, eta orain alaba institutuan ikasten ari delarik ohartu egiten naiz nola ahantzi zaidan; eta, aitor dezadan, pena dut.
Oroimenak ez ditu gorde duela hogeita hamar urte baino gehiago ikasitako deklinabide horiek eta hitz horiek guztiak, gutxi batzuk baino ez... Rosa, rosae (arrosa); dominus, domini, (jauna); mars, maris (itsasoa)... Eta, hic sumus, hemen gaude, bost deklinabideak taxuz gogoratu ezinik; eta amorrazioa ematen dit aitortzeak.
Bestela gertatzen da bizipenekin, batez ere norberak bizitutako gertaera eta pasadizoekin. Parvus irakasleak itzulpenak maite zituen, eta banan-banan agintzen zigun ahoz gora latinezko esaldi labur irakurri eta ordaina gaztelaniaz emateko, berehalako itzulpena eginda; esaldi errazak ziren, laburrak... Esaldi luze korapilotsuak idatzizko azterketetarako gordetzen zituen, horietan hiztegia erabiltzen uzten zigularik.
Arratsalde batean, Latin eskolako giro serioan niri egokitu zitzaidan itzultzea consules declarantur Marco Tullius et Cayo Antonius, Cayo Antonius eta Marco Tullius kontsul izendatuak direla alegia. Orduan, nire ondokoari hurrengo esaldia itzultzeko agindu ordez, ikasle-zerrendan jauzi bat eginda beste ikaskide bati —gerora berak aitortu zigunez, guztiz despistatua zegoenari— hurrengo esaldia eskatu zion itzultzeko. Ikaskideak, erdi lo-erdi esna, lanak izan zituen hurrengo esaldia zein zen asmatzeko, eta beste ikaskide errukitsu batek esanda, zegokion esaldia irakurri zuen: “Maria eta nautae”. Nire ikaskidea mutu gelditu zelarik, nik berehala pentsatu nuen zorionekoa zela nire ikaskide despistatua, esaldi hura nirea baino errazagoa zelako: mars, maris, itsasoa; maria, plurala da, beraz, itsasoak; eta nautae, beste plural bat, erraza, marinelak... Hortaz: Maria eta nautae, Itsasoak eta marinelak... Jarraian zetorren testuaren izenburua, liburuan itsasontzi erromatar baten marrazkiaz lagunduta. Antza, nire ikaskidea artean galduta zegoen, isil-isilik, Maria eta nautae horren ordaina gaztelaniaz asmatu ezinik... eta hobe isilik gelditu izan balitz: “Maria y los marineros” bota zuenean, barrez lehertu ginen denok, baita gure irakasle ustez serioa ere.
Parvus irakasleak —txikia tamainaz, baina irakasle handiak— asmatu zuen kudeatzen egoera hori; ez zuen aparteko neurririk hartu, nire ikaskideari pazientzia handiz azaldu zion esanahia eta besteon barrealdiari bukaera emanda, latin saioa bideratzen asmatu zuen: behar bezala jokatu zuen.
Ziur baino ziurragoa naiz nire ikaskideak sekula ez duela ahantzi Maria eta nautae esaldiaren esanahia, nik latin irakasle horren lekzioa ahantzi ez dudan gisa berean: zenbat aldiz galdetzen diot neure buruari ni neu, nire irakasle lanetan, Parvus latin irakasle horren neurrira heltzen naizen.