Gogoan dut umetan amak noizik behin ematen zidala txokolatea ogitartekoan merendatzeko. Gogoan dut bi pastilla ematen zidala, ogi zati handi baten barruan; egun batzuetan, lau pastilla. Gogoan dut ogitartetik txokolatea ateratzen nuela eta miazkatzen nuela denbora luzez, poliki-poliki dastatzeko, txokolate gozoa inoiz buka ez zedin desideratuz. Izan ere, txokolatea biziki maite arren, ez nuen nahi adina ezta nahi nuen guztietan jateko aukerarik izaten, zeren ez zegoen diru askorik gure etxean: aita trapuketaria, ama etxekoandre, eta ume txikiak hazitzeko eta hezitzeko... Gogoan dut txokolatea gutizia bat zela larre motzeko gure etxean, eta horregatik miazkatzen nuen, grinatsu, txokolatea, anitzetan eskuartean urtu eta hatzak zikindu arte.
Eta gogoan dut txuri-beltzeko telebista zaharrean, bazela iragarki bat, adinkidea izan zitekeen ume bat protagonista zuena, basokada bat esne hartuta txokolatea jan eta jan agertzen zena, “un gran vaso de leche con cada tableta” edo antzeko zerbait kantatzen zuelarik. Eta gogoan dut arratsalde batean etxean telebistari begira nengoela, txokolatearen iragarki horrek erakutsi zuela zein zen txokolatearen sekretua, txokolararen plazer ezkuta: kontua ez zen txokolatea miazkatzea etengabe buka ez zedin, kontua basokada bat esne hartzea zen con cada tableta. Eta horrela egin nuen. Sukaldera joan, hozkailuaren atea zabaldu eta esnea hartu nuen... eta horixe egin nuen: basokada bat esne hartu nuen con cada tableta.
Kontua da nik ez nekiela tableta baten eta pastilla baten artean ezberdintzen, eta egun horretako lau pastillekin batera, lau basokada esne hartu nuena, bata bestearen atzetik, laurak, pastillak tartekatuz... litro oso bat esne. Esan gabe doa, plazera handirik ez nuen somatu, telebistako iragarkiaren ume horri antzematen zitzaionaren arrastorik ez. Aitzitik, tripako mina hartu nuela dut gogoan, eta gure ama zenak purrusta egin zidala litro oso bat esne hartzeagatik.
Orduan ikasi nuen pastilla bat zer den eta tableta oso bat zer den; eta, era berean, ez zela “Un gran vaso de leche con cada tableta”, “Un gran vaso de leche en cada tableta” baizik. Bitxia da, gero! Txokolata hartzeko gogoa piztu zait: sukaldera joanen naiz, hozkailuaren atea zabalduko dut eta txokolatea hartuko dut Euskalerria Irratia entzuten dudan bitartean... baina esnerik gabe.