Ariben jasoa

Erabiltzailearen aurpegia Josu Jimenez Maia 2016ko abe. 20a, 18:28

Aribeko hotelean aditu dudanez, Joxemari zaharrak oraindik du gogoan kanpotar hura Citrôen “Tiburoi” txuri handi batekin etortzen zela mugaz bertzaldetik. Mugaz bertzaldeko matrikula beltz-beltza gogoratzen du, Citrôen “Tiburoia”ren txuriarekin kontrastean. Hura zen auto, hura, Aribeko ume guztiek miresten zutena!
      Joxemari zaharrak gogoan duenez, behin Citrôen “Tiburoia”ren jabeak esan omen zion Joxemariri berari sartzeko, eramanen zuela-eta itzuli bat egiterat. Mutikoa auto handira sartu eta kanpotarrak martxan jarri zuelarik, autoaren amortiguazio berezia altxatu egin zen, eta autoa altxatzen zela-eta mutikoa beldurtu eta autotik jaitsi egin zen di-da erran orduko, Citrôen “Tiburoia”-ren jabea barruan, irriz, bakarrik utzita.
    Aezkoan, Ariberako bidean —Iruñetik joanik errepidetik— bihurgune handi batean bada Irati errekaraino, uhalderaino, jaisten den bide bat. Handik jaisten omen zen kanpotar hori ibairaino, Iratiren ondoan egotera, eta, diotenez, egarririk ez izateko-edo, ederki hornitua joaten omen zen beti: ardo beltza, xanpaina...
    Gerora ikasi zuen mutikoak zer zen amortiguadoreen sistema hura, gerora ikasi zuen Citrôen “Tiburoia”-ren jabea mugaz bertzaldetik etortzen zen hura ez zela frantsesa, amerikarra baizik. Gerora  ikasi zuen  ipuinak eta nobelak eta kazetaritza-lanak idazteagatik ospetsua zela.  
    Joxemarik dioenez, Citrôen “Tiburoia” txuriaren gidariak Ernest Hemingway Nobel sariduna behar zuela. Hemingwayk mutiko koxkor izutiaren pasadizoa ez zuen sekula baliatu ez eleberri batean, ez ipuin batean, ezta kazetaritza-kronika batean ere.  Mutiko koxkor hark, gizon zaharra bihurtuta, ederki kontatzen du Nobel saridunak kontatu ez zuen pasadizoa; eta kontatzen bukatzean, egarri denez, baso bat ardo beltz edaten du, Ernest zaharraren pasadizoaren lekuko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!