Torturaren alde dauden horiek

Erabiltzailearen aurpegia Josu Jimenez Maia 2016ko urr. 20a, 16:50

Torturaren aurkako hormairudiak hirutan erasotu egin dituzte Berriozarren, margoketa erasokorrak, hirugarrenez hilabete gutxiko tartean. Gauez eta azpikeriaz egindako eraso horiek Iruñean ere egun berberetan egindako eraso faxistei gehitu behar zaizkie. Berriozarren torturaren aurkako hormairudietan egindakoak ez ezik Berriozarko Gaztegunean egindakoak ere salagarriak dira.
    Tortura salatzen duten eta udal baimena duten hormairudiez gain, Gaztegunea ere zikindu zuten Espainiako bandera margotuz, eta beste margoketa zenbait edukin matxista deitoragarriz eginak, emakumeen duitasunen kontrakoak, eta silikonaz serraila hondatu, edo Hispanitatearen bezperan “Viva España” margoketa kutrea. Probokazio hutsa, udan festen atarian egindakoak bezala, eta bizikidetzan batere laguntzen ez dutenak. Gatazka gainditzeko eta etorkizunari begira jarrita gauden bitartean, bizikidetza sustatzeko eta oinarrizko gako batzuk adosteko garaian gaudelarik, torturaren aurkako hormairudiak zikintzeak, torturaren alde inpunitate osoz agertzeak, agerian uzten du batzuek Frankismoari nostalgiaz begira daudela.
    Biktima guztien errekonozimendurako, oinarrizko-oinarrizkoa da torturaren aurka egotea. Nortzuk dira torturaren alde dauden gauezko pintada-egile horiek eta ekintza horiek txalotzen dituztenak? Nork babesten ditu gauezko ekintza deitoragarri horiek? Demokraziaren bidean, bakearen bidean, torturaren alde,  torturatzaileen inpunitatearen aldeko horiek nortzuk dira? Galdera erretorikoak dira, noski, erantzuna jakina da eta.
    Hirutan erasotu dituzten Berriozarko hormairudi horiek hirutan konpondu dira, eta horrek harrotasunez betetzen nau, ezin garelako besoak gurutzaturik egon torturaren apologia gauez inkontrolatu horiek egiten dituztelarik, iragan den astean, urriaren 12ko festa inposatuaren bezperan egin zuten bezala.
    Mozkorren arteko liskar batek, Altsasuko taberna batean ordu txikitan gertatuak, oihartzun mediatiko lotsagarria izan du asteburu honetan, torturaren apologiak izan ez duena.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!