Behin, Beltzunegi honen idazki bat aurkitu nuen Interneten; zientzi-idazki bat espero nuen eta ni arlo horretakoa ez izanik ere, jakin-minez PDFa behera kargatu, ireki eta irakurtzen hasi nintzen: matematikaren, filosofiaren eta etikaren arteko prosa zurruna eta hotza, ulergaitza egin zitzaidana hastapenetik bertatik, eta berehalaxe bertan behera utzi nuena: irakurgaitza, zinez.
Beltzunegi uda honetan ikusi nuen, Nafarroako unibertsitate batek antolaturiko udako ikastaro batean partaide, erne eta adi. Berak ni ez nau ezagutzen, baina saioaren bukaeran hurbildu eta nirekin batera zegoen adiskidearengana jo zuen: zakar xamar esan zion, etxeko pertsiana hondatu zitzaiola eta artean konpontzailea ez dela joan, eta berriz deitzeko konpontzaileari lehenbailehen haren etxera joan dadin.
Beltzunegiri, amultsu, Iruñeko gestoria batean lan egiten duen nire adiskideak esan zion, agian, uda minean geundenez konpontzailea oporretan egon zitekeela, baina ziur abisatu ziola eta lasai egoteko, berriz deituko diola eta, bihar bertan eta faltarik gabe; beraz, ez kezkatzeko. Beltzunegik ahots maila goratu eta ikastaroaren giro horretan batere egokia ez zen bere kontuari eutsiz, kexa errepikatu egin zuen, beste xehetasun bat emanda: pertsiana hondatua Beltzunegik berak konpontzeko ahalegin handiak egin zituen arren, ez zuela erdietsi, eta ezinezkoa egin zitzaiola konpontzea. Gero, muturra okerturik, joan egin zen agur esan gabe ere.
Munduko unibertsitate-irakasle bizkorrenetako bat, munduko zientzilari zerrenda bateko zazpigarrena, bere ezintasunaren berri ematen, etsi-etsi eginda, ezgauza pertsiana txatxu bat konpontzeko... Eta nik neuk, batetik, poza gaizto bat sentitu dut ene barnean, nihaurrek ere badut-eta konpondu gabeko pertsiana bat; izan ere, Beltzunegi buruargiak ez badaki, munduko zientzilari azkarrenen arteko batek ez badaki, zergatik jakin behar dut nik pertsiana bat konpontzen? Eta, bestetik, ikastaro batean gai hori ateratzeak eta —batez ere— hain desegoki ateratzeak, frogatzen du oso buruargia izateak ez duela bermatzen besteekin egoki eta txukun jokatzen dakienik, eta beti badela zerikasirik.