Soinketa-saioak astelehen goizetan izaten genuen Gurutze plazako institutuan Cerqueiro izeneko irakasle galiziar batekin, eta niri estuasuna igande arratsapaletan sortzen zitzaidan: izerditan hasi, ezinegona sentitu eta bihotza uzkurtzen zitzaidala ematen zuen. Bezperan urduritzen hasten nintzen eta orduak iragan ahala, gero eta urduriago nengoen, asteburua ahituz zihoan heinean. Kirioak dantzan, etxean sesioa izaten bukatzen ohi nuen, amak ez baitzuen ulertzen zergatik ez nuen institutura joan nahi, hain nota onak ateratzen banituen... soinketan izan ezik. Igande gauetan nerbioek ez zidaten afaltzen uzten: gutxi afaldu eta gutxiago lo egiten nuen. Amesgaizto absurdoak, izerdi hotza, eta astelehen goiznabarretan, esnatu orduko, goragale bortitzak izaten nituen.
Institutura abiatzen nintzen, jaungoikoari eta jaunbehekoari erreguka ea bihotzeko batek jotzen zuen Cerqueiro. Institutuko kiroldegira heldutakoan, txandala jantzi eta aldageletatik ateratzen nintzen: noraezean ibiltzen nintzen eta helburu jakinik gabeko ibilaldiak egiten nituen ikaskideek nabari ez zezaten nire sufrikarioa. Beste ikaskideek ez zuten horren gaizki pasatzen, ezen Cerquieroren laidoa denok jasanda ere, batzuek nik baino hobeki eraman zuten, nonbait.
Izan ere, beti gelditzen zen azken esperantza, politika-konturen batek astelehenean eskola ematea galaraziko ote zion Cerqueirori. Gehien-gehienetan, Cerqueiro agertu eta neure buruari esaten nion jainkorik ezin daitekeela, zeren Jainkorik izan balitz, Cerqueiro bezalako monstruo bat ez zuen sortuko. Transizio demokratiko garaian Formacion del espritu nacional ematerik ez zuenez, soinketa irakasle postua esleitu zioten Cerqueirori. Baina Cerqueiro eskola zaharreko faxista bat zenez, horrela ekiten zion soinketa saioari: “¡A formar!” Eta instrukzioa egiten ematen genituen soinketa saioak... Eta nola gozatzen zuen Cerqueirok euskal izenak lardaskatzen!
Gorroto gorria nion Cerqueiro horri, gorriak eta beltzak ikustarazten zizkigulako eta, orain, hogeita hamar urte igarota ere, oraindik gorroto diot honezkero hilik eta harrek janda behar duen faxista galiziar horri. Denborak, gaitz oro sendatzen omen duen horrek berak, nolabaiteko tartea ezarri du, baina igande arratsapal anitzetan sortzen zait barru-barrundik halako ezinegon bat, halako estuasun bat, bihotza uzkurtu antzean Cerqueirorekin oroitzen naizen bakoitzean.