Udaberriko arratsaldea Tirapun

Erabiltzailearen aurpegia Josu Jimenez Maia 2016ko mai. 10a, 18:37

Tirapuko hilerria gurutzebide baten ondoan dago, herritik ez oso urrun; eskuinean, urrun eta lauso, Olkotz; ezkerran, urruti baina argi, Añorbe ikusten da. Hego haize leunak aurpegia laztandu dit. Tirapuko hilerria umetan iruditzen zitzaidana baino askoz ere txikiago iruditu zait lehengusina Marijoseren hilkutxarekin batera sartu naizenean. “Hobe duzue behetik hartu, pultsuan.” Kasu egin diogu ehorzketa etxeko langileari, eta lehengusinaren gorpua daraman hilkutxa hartu dugunean arina egin zait hasieran, baina hilobira hurbildu ahala pisua hartzen joan delako irudipena izan dut. Ez zuen lehengusinak berrogeita hamar kilo baino gehiago pisatuko, gaixoak, hezur eta azal ikusi nuelarik azkenekoz hilabete lehenago. Halere, pisua egin zait azken tartea; trabesean jarritako zurezko bi zati eta azpian sokak zituela utzi dugu kabuta, eta une batez ez dut jakin zer egin, harik eta eskuinera joaz herriko ezagun batzuen atzean gelditu naizen arte. Orduan hasi naiz negar isilean, eta apaizaren predikua botatzen zuelarik, tarteka ibili naiz ene begi lausoak lehortzeko lan ezinezkoan. Lehengusu Josetxo ere, Marijoseren anaia, orduan hasi da  negar malkotan, hilkutxa hilobiratu dutenean zinez konturatuko balitz bezala arrebaren heriotzaz. Apaizak bukatuta,  herriko lagun batzuk hasi dira, pala eta aitzurra eskuetan hartuta, lurra botatzen hilkutxa estali arte. Nahikoa azkar egin dute, niri apaizaren predikua baino bizkorragoa egin zait. Pala eskuan zuela atseden pixka bat hartzen ari zen  lagun batengana hurbildu naiz.
— Iñaki, eskerrik asko hori horrela egiteagatik —esan nion lagunari
— Bo, ez da zeren... makurrena da gure atzetik ez dagoela inor hori eginen duenik...— eranztun zidan. Eta ni, neureari.
— Bo, eskerrik asko horrela egiteagatik; horrela gutxienez ez da gertatu izeba Martinarenean bezala, eskabadora sartu zutela hilkutxa tapatzeko.
    
Hala izan zen; Marijose lehengusinaren ondoan datza izeba Martina, haren ama; izeba hilobiratutakoan eskabadora bat sartu zen kanposantura; zarata eta kearen artean estali zuen Martina izebaren hilkutxa. Agian ezin zen bertzerik egin, baina haserre atera nintzen orduko hartan, gaur ez bezala.
    Gaur lasaiago atera naiz; ez dakit hileta bat “polita” izan daitekeen —ez dakit esan daitekeen—, baina Tirapuko kanpusantu txikitik atera eta Tirapuko lagunei zinez eskertua atera naiz. Herrirako bidea hartu dugu Josetxo eta biok; ondoan, eskuinean, Añorbe oraindik ikusten da argi; ezkerran, urrun eta lausoago, Olkotz. Haize hotz bat altxatu da; hegazti batek txilio berezi bat egin du, eta izutu egin naiz. Tirapu gure aurrean, muino batean, eta herrirako aldapa neketsua egin zait, lehengusina Marijoseren hilkutxa oraindik ene eskuekin eramanen banu bezala.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!