Borragomen misterioa

Erabiltzailearen aurpegia Josu Jimenez Maia 2016ko mar. 8a, 18:39

Irakasleak umeari ea borragoma non daukan galdetu dio. Zortzi urteko mutikoak bizkarrak altxatu eta eskuekin zalantza gutxi erakusten duen keinu azkar bat egin du, irakasleari borragomak desagertzearen misterio atzemanezinaren beste adibide bat eman diona. Mutikoa bi esku hutsei beha gelditu da, ezin ulertuzko jarreran. Martxoaren lehenengo astean banatu genituen arkatzak eta borragomak, eta  lehen egunean bertan umeren batek esan zuen borragoma falta zitzaiola. Martxoaren bigarren astean gaudelarik, Milan borragoma kutxa hutsik dago jada, eta irakasleak berak ikaslearen jokaeraz kutsatu eta, ispili-neuronen eraginez agian, eskuak erakutsi ditu, borragomarik gabe gelditu delako aitorpen etsigarria emanda.
Izan ere, borragomak ez dira sekula guztiz gastatzen; borragomak beti galtzen dira, beti desagertzen dira norberak berea zeharo gastatu arte... Berdin du aldez aurretik umeei esateak borragoma bat eta bakarra emanen diezula ikasturteko; umeek ederki dakite ezinezkoa dela borragoma berberarekin hastea eta bukatzea ikasturte osoa, Horra, umeek ez ezik irakasleek ere badakite hori.
Borragoma gehiago ekartzea izan liteke bat-bateko soluzioa, baina irakasle orok ederki dakite behin-behineko soluzioa baino ez dela; borragomak beti desagertzen dira inork azaltzerik ez duen ezinbestekotasun etsigarri batez. Ikasturtez ikasturte, nork bere gelako borragoma kutxa hustu eta gero, beti gelditzen da zikloko diruarekin beste kutxa bat —edo pare bat, badazpada ere—  eskatzeko aukera, baina hilabete bat edo bitarako soluzioa baino ez da;  ikasturtez ikasturte, borragoma kutxa gehiago eskatu behar Olentzerori.
Inork gutxik daki badela Iratxo borragoma lapur bat, borragoma guztien desagertzearen erantzule, udan zehar lokartuta egoten dena eta irailean, ikasturtearekin batera esnatzen den izaki mitologiko bat, Tartalo, Herensuge, Galtzagorri edo Mikelatsen gisakoa, Iratxo borragoma-lapurra, borragomak jaten dituen izaki txiki bat da; ipotx bat baino txikiagoa behar du, baina ez galdetu nolakoa den, ikusezina baita, umeek —eta batez ere irakasleek— ikus ez dezaten eta harrapa ez dezaten ikusezin bihurtu baitzen aspaldi-handian. Mihi-gaiztoek diotenez,  behin harrapatu zuten iratxo borragoma-lapur bat, baina borragoma-saltzaileek aske utzi zuten, ugaldu eta iratxo borragoma-lapur txiki gehiago sor zitezen...
Nolanahi dela ere, zortzi urteko mutikoaren irakasleak borragoma bat lortu behar du mutikoari uzteko. Irakaslea, irribarre txikia ezpainetan, bere mahai handira hurbildu eta berak bakarrik irekitzen ahal duen kajoia ireki du, han gorderik daukan azken Milan txuri garbi-garbia hartu eta zortzi urteko ikasleari uzteko asmoz. Baina orduan irribarre txikiaren ordez harridura margotu zaio irakasleari aurpegian kajoia ireki duenean: Milan txuri garbi-gargia, inoiz erabili gabea, azken-azkena ere desagertu egin da! Zalantzarik ez dago, Iratxo borragoma-lapurraren lana izan da, Ezkaba inguruan aske dabil eta...

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!