Eserita nagoen sofa ohe bat izan zen, amaren baserri zaharreko ohe bat, 1,75 metro luze, gaur egun ohikoa ez den neurrikoa. Egun, oheak luzeagoak izaten dira, 1,85ekoak, 1,90ekoak... Antza, gure arbasoak txikiagoak omen ziren.
Nolanahi, amaren baserrian aurkitutako ohe zahar hura haritzezkoa zenez eta zura oso egoera onean zegoenez, koinatuak orain eserita nagoen sofa hau egiteko aprobetxatu zuen; artista da koinatua! Izan ere, zapataria da lanbidez, baina artista da zura lantzen eta, hartara, ohearen taulak moztu, egokitu, itsatsi, den-dena behi-larruz tapizatu, eta, hilabeteak lanean emanda, eserita nagoen sofa eder hau egin zuen.
Sofa hau baserritik behin baino ez da atera, Iruñeko Gotorlekuan artisauek egindako erakusketa batera, eta hor zelarik kontu bitxi bat gertatu zen: erakusketaren bigarren egunean sofaren atzeko aldearen taulen artean zirrikitu bat berez sortu zen, zurezko taulak mugitu izan balira bezala; arrakala handixkoa zen, baina atzealdean zenez, ez zen gehiegi nabaritu; gaitz-erdi!
Hala ere, koinatua larritu zen, kezkatuta egon zen, eta ez zekien itsaskinari egotzi edo Iruñeko Gotorlekuaren aretoko tenperatura aldaketa handiren bati... Nolanahi, arrakala hor zegoen: txikiegia ziri edota zurezko pieza bat txertatzeko; handiegia Judeako betunaz edo beste zera likatsu batez estaltzeko... Hori horrela, sofa ederrak ez zuen saririk jaso.
Iruñeko Gotorlekuko erakusketa amaituta, orain eserita nagoen sofa ederra kamioira sartu eta amaren baserrira ekarri genuen atzera; orduan —eta ez lehenago ohartu ginen arrakala joana zela, atzeko aldearen zirrikitua desagertua zela berez, sofa sortetxera itzulita zurak beren lekura itzuli izan balira bezala, arrakalaren arrastorik utzi gabe, sofa bere onera itzuli izan balitz bezala.
Eserita nagoen sofaz oso harro dago koinatua; egoteko modukoa da, zalantzarik ez. Sofatik altxatu eta sofaren atzeko aldea begiratzera joan naiz; hatz-puntak zurak elkartzen diren lekutik pasata haritzaren xamurra eta zuraren epela sentitu dut; begiekin arrakalaren arrastoa bilatzen egon naizen arren, bernizaren distira lausoa baizik ez dut atzeman; altzari ederrei darien usainak nire sudur mintzak goxo astindu ditu.
Sofan eseri naiz berriz ere azaroko bazkalondo eguzkitsu honetan, eta lo-kuluxka bat egiteko tentazioa izan dut. Esan gabe doa, tentaldian erori egin naiz: sofan etzan eta sofa ohe bihurtu da berriz ere, altzaria bere onera, jatorrizko zereginera, itzuli izan balitz bezala.