Postalak

Erabiltzailearen aurpegia Josu Jimenez Maia 2015ko urr. 21a, 15:22

80. hamarkadaren hasieran jasotako postal bat daukat gordea, Nikaraguatik igorria, eta testuaren osagarri, gorriz eta beltzez marraztua, iraultzaileen zapi gorri-beltza, FSLN letra zuriak nabarmen. Gazte eta berde ginen, baina ozeanoaren alde honetan batzuk Nazio Askapenerako Fronte Sandinistaren alde lerratu ginen, eta hara borrokatzera joandako beste euskaldunak miresten genituen, eta denok harrotzen ginen jakitean ezagun baten lagun edo ezagunen bat zegoela han,  “con los nicas”, nikaraguarrekin. Indar askatzaileek Managuara sartu eta Somoza egotzi zutenean,  Carlos Mejia Godoyren kantuak Jarauta karrikan nagusitu ziren, eta berriz nagusitu ziren urtebete pasata,  José Mendoza izeneko nikaraguar batek bazokaz Anastasio Somoza diktadorearen Mercedes Benz autoa jo zuenean,  Paraguayko hiriburu den Asunción-eko General Franco etorbidean. Kantuen bidez aldarrikatzen genuen, besteak beste, Carlos Fonseca martiriaren oroitzapena, FSLNko sortzaileetako bat, idazlea eta irakaslea, gudari eta gidari. Urteak joan, urteak etorri,  eta harremanik ez izanik ere, Fonseca bus konpainiaren autobusen bat ikusi eta kantuan hastea, bat: “Comandante Carlos, Carlos Fonseca” eta sarri malkoak isurtzeraino ere.
Badut beste postal bat, 90. hamarkadaren hasieran  jasoa, Almeriatik igorria, eta testuaren goiko aldean data dakar, oso formatu bitxian ekarri ere: urtea eta gero, “azaroak 3 ditu” agertzen da idatzia. Data idazteko era hori, aditza agerian uztea alegia, oso berezia egin zait beti, eta jende gutxik erabiltzen du; ohikoa izaten da forma luzea (azaroaren 3a) ala laburra (azaroak 3).  Sei edo zazpi lerro dituen postala, txukun asko idatzia,  idazkera txiki urdinez, zuzen eta egoki, garai hartan Almeriako espetxean zegoen Imanol Haranburuk idatzia da, egunotan nahigabeko protagonista izan dena José Luis Mendoza Hezkuntza Kontseilariak haren izendapena atzera bota ostean: Quod non fecerunt barbari, fecerunt Barberini. Itzulpen librean esanda, Barcinarenek egin ez zutena, Geroa Bai-ko batek egin du.
  Sergio Ramírez nikaraguarrak El viejo arte de mentir liburuan argi gaztigatzen digu: “Eremu publikoaren ustelkeriak, gutxi batzuen aberaste eskandalagarriak, ustelei aurre egiteko justiziaren eraginkortasun faltak eta inpunitateak herritarren frustrazioa sortzen dute; eta herritarrek frustraziotik zinismora egiten dute jauzi; eta iruzurrak eragiten duen desmoralizazioak gizartearen barne-egitura hondatzen du.”
Paraguayko hiriburuan, Asunción-en, jadanik ez dago General Franco izeneko etorbiderik. Hemen, Iruñean, ere ez; zorionez, Behe Nafarroa etorbidea dugu, baina nik oraindik gogoratzen dut La Avenida Franco, eta Mártires de la Patria, gaur egun Amaiurko Gaztelua dena.  José Mendoza, Somoza diktadorea garbitu omen zuena, ez da José Luis Mendoza Hezkuntza kontseilaria, José Luis Mendoza FSLNko komandantea izan omen zen arren.  Beste garaiak ziren baiki, gazte eta berde ginen garaiak, eta orain garai berriak omen ditugu. Izan bitez —benetan— berriak denontzat.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!