Espagetiak, tallarinak, tiburoiak eta bertze

Erabiltzailearen aurpegia Josu Jimenez Maia 2015ko ira. 22a, 17:24

Guk ttikitan ez genuen espagetirik jaten, tallarinak baizik. Ordu horietan ez zen saltzen espagetirik, edo gure etxean hori uste genuen guk bederen, nazareno halakoak. Aita trapuketaria eta ama etxekoandre genuen, eta hileko 13.000 pezetarekin bizi behar; izan ere, aitak ezin izan zuen erretreta hartu eta hirurogeita hamar urte bete arte aritu behar izan zen lanean... Baina aitaren kontuak bertze baterako utziko ditut. Kontua da gurean ez zela espagetirik erosten, garestiagoak omen zirelakotz. Bertze etxe zenbaitetan izanen ziren, segurki, espagetiak, eta ñokiak, eta ravioliak, baina gurean, ez. Gurean, tallarinak ala makarroiak: batzuk ala bertzeak, aukera handiagorik ez.

Oroit naiz ama zenak tallarinak eltzera bota aitzin, tallarinak zatikatzen zituela: krak. Oraino ez dut ulertzen zergatik puskatzen zituen... Beharbada hobeki egosten zirelakoan zatikatuko zituen amak, baina ez dut horren gaineko neholako ziurtasunik.

Nolanahi, nik makarroiak nahiago nituen, edo hobeki esanda, tiburoiak. Ez nekien zergatik deitzen genien “tiburoi”, baina ederki oroit naiz egun batean, eskolako lagun baten etxean bazkaldu nuelarik gertatutakoa, Oinarrizko Heziketa Orokorreko 8. mailan geunden, 13 urte genituela, beraz. Iruñeko Goroabe kaleko lehen pisu batean bizi zen ikaskidea, eta bazkaltzera gonbidatu zidan hartan, lagunaren amak galdetu zidan ea pasta gustuko nuen. Nik baietz, tiburoiak gustuko nituela ihardetsi nion. Eta lagunaren amak erran zidan: “Ederki, koditoak bologñesa erara prestatu ditut bazkaltzeko”. Gogoan iltzaturik daukat, harrezkeroztik urduri eman nuela bazkaldu arteko tartea, kirioak dantzan, mizkin xamarra izanik, ez bainekien gauza izanen ote nintzen “koditoak” ezezagun horiek jateko, are gutxiago, “bologñesa erara”. Tripako minez ere hasi nintzen, eta aitzakiaren bat edo beste asmatzeko zorian egon nintzen kodito ezezagun beldurgarri horiek ez jateagatik... Kodito izen misteriotsu horren atzean zer ezkutatuko zen asmatu nahian aritu nintzen, eta goragaleak sentitzen hasi nintzelarik erabaki nuen hobe zela irudimenari leihoa ixtea. Ez nuen ihesbiderik, garai hartan ez baitzegoen sakelakorik gurasoei deitzeko, eta telefono arruntaz deitzea ere arrunt garestia baitzen. Gainera, zer asmatuko nuen nik lagunaren etxean ez bazkaltzeko? Ez nuen egia erraten ahal... Zer eginen nuke koditoetatik libratzeko? Deus ez. Naski, itxurak egin eta nire beldur guztiak irentsiko nituen.

Oroit naiz bazkalordua hurbildu ahala, arras nerbiosturik, zorabiatu eta konortea galtzeko zorian izan nintzela, ez bainekien oka eginen nuen sukaldean bertan ala komunera joateko astirik izanen ote nuen... Oroit naiz heldu zela mahaira esertzeko unea eta zurbil-zurbil nengoenez, lagunaren amak esan zidala: “Kolore txarra daukazu, Josu... lasai, oraintxe ekarriko dizkizut koditoak”. Akabo!

Orduan lagunaren amak zerbitzatu zidan, eta hor zegoen platera, zeraz beteta... tiburoiez beteta! Haragi birrinduarekin eta tomatearekin, gainera! Ezin goxoagoak, egin berriak, lurruna zeriela... Gogoan dut zeinen gustura jan nituen tiburoi horiek! Nola jakinen nuen nik tiburoi marka zehatz baten izen berezia zela, eta bertze etxe anitzetan kodito deitzen zietela gure tiburoiei? Nola jakinen nuen nik bolognesa erara zela gure amak prestatzen zuen haragi eta tomate saltsari deitzeko modua zela lagun horren etxean —eta bertze etxe anitzetan ere bai, geroago ikasi nuenez— ?

Oroit naiz handik egun batzuetara gure amak prestatu zituela tallarinak, tiburoiak —edo koditoak— bukatu zitzaizkiolako. Eta oroit naiz uda honetan hil den gure amak jarri zuen harridura aurpegiaz eskatu nionean tallarinak prestatzeko bolognesa erara.

Gaur goizean espagetiak erosi ordez, okertu naiz eta tallarinak erosi ditut bazkaltzeko. Urak irakiten zuenean, eltzera bota aitzin nik ere tallarinak zatikatu ditut, krak, oraino oso ongi ulertzen ez ditudan arrazoiengatik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!