Euskalerria Irratiko irrintzilariok entzuleen entretenimendua dugu helburu nagusia, baina badakigu gure entzule prestuentzako gozamena ez dela hitz huts eta hutsalezko jardun zoroa. Eta natorren ari naizenaren harira.
Aspaldi, Garraldako gizon zahar bat hil zen, eta hilerrira bildu ziren guztiak auzoari azken agurra emateko. Gizon zendu berria oso zaharra zenez eta osasunez makal zebilenez, haren heriotzak ez zuen inor harritu. Jende anitz bildu zen hileta elizkizunetara, Garraldakoak ez ezik, bertze aetz batzuk, agoizkoak, artzibarrekoak, auriztarrak, eta baita garaztarrak ere. Garraldako hilerrira ere jende andana joan zen, gorpua lurperatu behar zuten hobiraino hilkutxa laguntzeko joana. Apaizak, Jainkoari eskerrak, labur aritu zen, eta azken hitzak erranda, hilkutxa zulora sartzeko prestatu ziren; pala bana eskuetan zutela, bi gazte prest zeuden lurra botatzen hasteko, baina lehenago, banan-banan hasi ziren batzuk hurbiltzen, lur pixka bat hartu eta hilkutxa gainera botatzera; lore sorta bat bota zuenik ere izan zen. Orduan hildakoaren auzokide bat hurbildu zen, lurretik eskukada bete lur hartu –ez pixka bat, puska on bat baizik– eta indarrez bota zuen hilkutxaren kontra:
“To! Hartzak lurra orain! Bizitza osoa eman duk bertzeon lurrak hartzen; hartzak nahi duan guztia eta betiko hiretzat!”
Eta joan egin zen.
Gure ama zaharrari sinestera, oso kontu sonatua izan zen hori, Garraldan ez ezik, Aezkoa osoan eta Artzibarren, eta Auritzen, eta Agoitzen, eta baita mugaz bestaldean ere, garaztarrek eramana. Eta orain Euskalerria Irratiaren bidez Iruñerria osoan ere zabaldua.
Istorio esanguratsua, zer pentsaturik ematen duena, amaren ahotik entzuna, eta orain irrintzi bihurtua, gure entzuleen gozamenerako, ez hutsa, ez hutsala, ikasturte honetako azkena. Eta, era berean, izan dadila lizentziarik gabeko Euskalerria Irratian azkena. Egun hauetan osatzen ari den Nafarroako Gobernu berriak badu zereginik.