Kontua da

Erabiltzailearen aurpegia Josu Jimenez Maia 2015ko mar. 11a, 18:02

Kontua 1936ko uztailean edo abuztuan izanen zen, gerra zibila hasi berritan; amak gogoratzen du belarrak biltzen ari ziren garaia zela, beraz, uztailean bertan izanen zen segur aski.
Kontua da goiz batean, Olaldean gizon batzuk belarretan ari zirela errepide ondoko larre batean, eta orduan kamioi bat pasatu zen errepidetik Garraldarako norabidean. Estali gabeko kamioi horretan falangista batzuk zetozen, kamisa urdinak nabarmen, eta kamioitik larrean zeudenei agur faxista egin zieten besoa luzatuz.
Kontua da larrean zeudenek ukabila jasoaz erantzun zietela. Amak gogora ekartzen du egun batzuk lehenago falangista batek, agoizko batek zehatz izateko, ardi bat kendu ziela. Nolanahi zela ere, kontua da falangistek kamioia gelditu, fusilak eskuetan zituztela jaitsi eta larrean zeuden gizonak atxilo hartuta Garraldara eraman zituztela.
Kontua da Garraldan falangistek atxilotuak estutu zituztela, baina alkateak, Kornelio izeneko batek amaren memoriak huts egiten ez badu, bertakoen alde egin zuen: Garraldako alkateak bertan gizon gaiztorik ez zegoela egin zuen aldarri, denak kristau zintzoak zirela, eta gaizki-ulertu bati egotzi zion nahasmendua. Nola edo hala, kontua da baretu zirela animoak eta gizon horiek libratu zirela, segur aski, fusilatuak hiltzetik.
Kontua da kontu kontari aritu zaidala gaur ama, eta kontatu didan istorioa nik aspaldi entzun niola estreinakoz, aspaldi kontatu baitzidan, hogeita hamar urte daramat istorio hori entzuten... gaur askatu duen zehaztasun bat aipatu gabe, urteak eta urteak ezkutatu duen datu garrantzitsu bat gaur erantsi baitu: gizonak atxilo hartu zituztela bai, baina sekula ez zidan amak esan, sekula ez zidan aipatu, istorioaren protagonista Manuel Maia Astibia zela, gure amaren aita, aitona alegia.
Kontua da amak laster beteko dituela 92 urte, eta gaur goizean gertatu izan balitzaio bezala bizi duela 13 urte zituela gertatutako pasadizo zirraragarri hori, jostorratzarekin ari zen bitartean.
— Baina, ama,  zergatik ez didazu inoiz esan aitona zela gizon horietako bat?
— Bo, zertarako?  Berdin du, kontu zaharrak dira... oraintxe kontatu ez al dizut, bada!
    Eta amak jostorratza hartu du berriz ere, gehiago hitz egiteko gogorik ez duela garbi utzita, neure buruari galdetzen diodan bitartean zenbat sekretu gehiago daukan gorderik 92 urteko buru zoragarri horretan, 92 urteren bueltan haria jostorratzaren begian sartzen duelarik, betaurrekorik gabe sartu ere.
    Eta kontua da hau bezalako istorioek osatzen dutela gure historia, osorik kontatu ez diguten geure historia, pasadizo anitz eta askotarikoak josi nahi izan ez dituztelako. Eta hau ez da kontu hutsala.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!