Ferminastrak

Erabiltzailearen aurpegia Ana Jaka 2015ko api. 21a, 19:21

Hasi da sanferminetako girotzea. Aurreko egunean aurkeztu zizkiguten hauek iragartzeko kartela izateko finalistak. Baina ez naiz hortaz hitz egingo. Badakizue lagunak aurkezteko etortzen naizela honera eta, San Fermin bainoago, bere anai txikiaren alabaordeak ditut nik lagun. Ez dituzue ezagutzen? Alaba laukiak izan ziren eta urte bat beteko dute aurtengo sanfermintxoan. Ferminastrak kolektiboaz ari naiz. Izen iradokitzaile hau eman zioten bere buruari, azalpen txiki bat gehituta:  sanfermintxoaren sasikumeak zirela. Sanfermintxoak sortuak baina aldi berean aitatasun-aitorpenik ez zutela behar esanez bezala. Jaio berritan hasi ziren lehenengo pausoak ematen, edo alderantziz, burutu zuten lehenengo ekintzak eman zien bizitza-hasiera. Deialdi bat izan zen, nahi zuten emakumeak disko jartzaile ibil zitezen, Aldapa kalean, jaia girotzen. Halako aukerarik izaten ez duten zaleei ematea zen asmoa. Espazioa, ekipo teknikoa, deialdia, kartela eta beharrezko guztia Ferminastrek jarri zituzten; musika, aldiz, nahi izan zuen edonork. Autogestiotik haratago, emakumeak autogestioan trebatzeko jaio ziren Ferminastrak. Eta horretarako ez zuten inolako sortze-idazkirik egin, beharrik ere ez zutela, esango nuke nik. Ekintza zuzena eta adierazkorra izan zen, hitzak bainoago.
Ekintza horren haritik etorri zen hurrengoa: emakume disko jartzaileak trebatzeko ikastaroa, Irene Ormazabalen eskutik, Txoko Feministan. Beste pauso bat. Jaietan jada esperientzia apur bat zutenek parte hartu baldin bazuten, ezagutza gutxi edo batere ez genuenoi aukera eman zitzaigun ikasi eta berehalakoan praktikara eramateko, Txokoan bertan jai giroa sortuz eta gozatuz.
Pasa den larunbatean eta aurrekoan, iturgintza eta elektrizitate tailerrak burutu dira. Norbaitek aurrekoarekin lotura ikusiko ez balu, pentsa dezala zer eduki dezakete ekintza denek amankomunean... Jarduera batzuk emakumeentzako bakarrik egin beharra zalantzan jarriko du baten batek. Ez naiz eztabaida horretan sartuko. Esperientzia eta emaitzak, berriz ere, adierazkorragoak direlakoan. Hasteko, irakaslearena: Ana Oñate, hamar urte Donostiako Ospitalean mantentze-lanetan. Datu bat: hiru emakume hirurogeita piko langileen artean. Datuetan agertzen ez dena: urteetan lana ondo betetzen duela frogatu beharra. Jarraitzeko, tailerrean parte hartu genuen besteon bizipen batzuk: nola egin diegun aurre iturgintza eta elektrizitate arazoei etxean, adibidez; gehienetan aitari, osabari, nebari, edo mutil-lagun bati mesedea eskatuz. Eta nola atera ginen tailerretik. Gauza bat kontatuko dizuet: atzo bertan etengailu bat konpondu nuen etxean. Txorakeria dirudi baina ez dakizue zein poza hartu nuen. Neuk bakarrik egin nuelako. Inoiz ez egindako zerbait egitera ausartu eta egin nuelako. Eta, benetan, txorakeria bat zen, baina hemen garrantzia duten hitzak beste hauek dira: inoiz, ausartu, egin. Gai garela jakin badakigu, baina hortaz jabetzea, sentitzea, bakarrik eginez lortzen da. Orain jar ezazu emakumeoi onartu ez zaigun edozein gaitasuna iturgintza eta elektrizitatearen tokian.
Horretan dihardute Ferminastrek, eta horretan dihardugu haien albora bildutako sasikume berriok. Eta jaioko dira besteak. Eskerrik asko, Eunate, Kuki, Josune eta Idoia.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!