Asteburu honetan lagun asko ikusi dut eta, ez bakarrik hori, lagun berriren bat ere egin egin dut, edo, filme famatu horren esaldi famatua nire eginez, asteburu honetakoa adiskidetasun handi baten hasiera izan daiteke. Eta orduan, gaur etorri eta zaila egiten zait bakar bati buruz hitz egitea, ohi legez, istorio bakar bat kontatzea.. Ihauteriak, festa giroa, elkartzeko eta nahasteko asteburua... Baina, azkenean, eta maitasuna gora eta behera egon denez ezagunen eta ezagun berrien arteko elkarrizketetan, gai honi heltzea erabaki dut. Bai, ze dantza asko egin dugu, baina baita hitz egin ere, mota horretako parrandazalea baitnaiz, esaten direnen eta ez direnen jokoan aritzearen zalea, jendeen usteak eta bizipenak ezagutzeko nolabaiteko gai-jartzailea.
Eta, horrelako asteburuetan gertatu ohi den bezala, atarikoak-eta larunbatean gertatzen dira edo, hobe esanda, igandean sartzen den larunbat luzatuan, eta gero igandea dator, eta horretan gauzatzen dira, ala ez, proiektutako desioak eta harremanak, larunbata guztiz desegiten denean, igandea igandetzen denean.
Nire kasuan ere igandean iritsi zen asteburuko maitasun punturik altuena, orduan gauzatu ziren, praktikan, maitasunari buruzko uste eta atariko guztiak. Ramon, Sara eta hirurok Sararen pisura joan, eta bakarrik mugitu ezin zuen bat eta hogeitamarreko koltxoia hartu eta, lehenengo bost solairu jaitsi, eta gero bederatzi, bai bederatzi, solairu igo, eta bere amaren etxera eraman genuen. Ez al da hori maitasuna? Koltxoia ez zen igogailuan sartzen eta hiruron artean jaitsi eta igo behar izan genuen, txandak eginez, sei eskuekin ahal bezala heltzen, bultza eginez, eskaileretatik behera, bost solairu, eta gora, bederatzi.
Ez zait gustatzen maitasuna sakrifizioarekin lotzea. Nahiago dut esatea elkar maite dugulako hor gaudela hirurok beharra denean, nahiz eta biharamuna izan... Eta beharra izan daiteke bi, lau eskuena, edo, une garrantzitsuetan maitatua sentitzea, lagundua, onean eta txarrean, beste esaldi entzutetsua baliatuz.
Eta amaren etxera itzuli behar izatea ez da Sararentzat ataka erraza. Asko dira gaur egun gurasoen etxera itzuli behar izaten dutenak. Arazo ekonomikoengatik gehienek, bestelakoengatik batzuek; denek, baina, sentzazio mingarri bera bizi dute: atzerapauso bat ematearena. Duela hamabost, hogei urte, asko hitz egiten zen betiereko seme-alabeez. Gurasoen etxea uzten ez zuten gazteei kritika egiten zitzaien: autonomia falta eta erosotasuna aipatzen ziren. Hogeitamarreko haurrak. Gaur, zorionez, errua ez zaie zuzenean egozten. Aukera faltaz hitz egiten da, eta sistema bera da kritikatua. Gurasoen etxetik atera ezinean dabiltzanei, itzuli behar dutenak gehitzen zaizkie orain. Familia eredua bera aldatzen doan honetan, familia tradizionalean jaiotakook sorburura itzuli behar izatea eredu berrien aldeko saiakeraren porrota bezala bizi dugu gainera. Azkenean familia familia da esaten digutenaren aurrean burumakur. Noraino iritsiko gara eredu zaharrak gainditzeko? Gai izango al gara familia tradizionalak eskaintzen omen duen babes bera guk sortutako sareek eman dezaten?
Sarak wasapeko talde bat sortu zuen etxe-aldaketa antolatzeko. "Odol ez bereko familia" izendatu zuen. Deigarria egin zitzaidan. Azkenean, ez gara, ez Ramon ez ni, etxean hartuko dugunok. Baina uste dut ulertu dudala adierazi nahi zuena. Aukeratutako familiatzat gaitu, benetako bidaidetzat, bizitzeko lekua amarekin negoziatu arren. Berea dela nahi duen familia osatzearen askatasuna. Heldua dela. Gauza bat dela nondikan gatozen eta beste bat nora joan nahi dugun. Ez dagoela geldialdirik, ez atzerapausorik. Eta bai, hor egon ginen, traste guztiak behera lehenengo eta gora gero, bere ahizpok, Ramon eta biok, orain indartu behar dituen usteak indartzen laguntzen.
Odola eta bihotza, hona hemen familia eta maitasunaren ikur nagusiak. Ez zait haien arteko lotura errugabea iruditzen. Ez du ematen horren fisikoa eta haragizkoa den zerbaiti ihes egin dakiokenik. Naturak agintzen du, edo pasioak, ezin kontrolatuzkoak bata eta bestea. Eredu bakarra eta benetakoa. Ba, guk horiei aurre egiten diegu, gauean eta egunean. Ihauterietako nahasketan, harreman eredu berrien gaineko solasaldi teoriko, atarikoetan, eta igandeko arratsalde euritsuan, praktikara eramanez maitasuna.