Gaur Tik Tok-etik hartu dut argazkia. Bideo baten parte da, eta asiarra izan daitekeen gizaseme gaztea ageri da slip bat soinean, eguzkia hartzen. Bitxikeria da azpitik audioan entzuten dela Benito Lertxundiren kanta bat. Nonbait modan jarri da bere musika Asia aldeko tiktoklarien artean.
Bizi gaituen garaiaren metafora perfektua iruditzen zait: alde batetik, produktuen zabalkunde planetarioa, edonora iris daiteke bokaziorik tokikoenarekin sortzen den zerbait; bestetik, banalizazioa, testuingurua galduta edozertarako balio lezake zerbait horrek. Tokitan geratzen da Benitok (Tik tok) aldarrikatzen zuen zero kilometroko bere kantagintza ekologikoa: “Ni joaten nauk Oñatira eta ‘gabon’ esanda besterik gabe hasi nintekek kantuan. Aldiz, Madrilen azalpen mordoa eman beharko nikek. Horregatik ez nauk joaten”
Ba dabilela kontuz miruen bardo miretsia. Bat baino gehiago dira Internet bidez arrakasta planetarioa izan duten artistak. Eta oraindik igual tokatuko zaigu ikustea nola Benitok (Tik tok) ‘gabon’ esan eta ‘Nire herriko neskatxa maite’ kantatzen duen Polinesiako hondartza liluragarri batean.