Iglesias eta gu

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Irizar 2021ko mar. 4a, 12:35

Gaur Pablo Iglesiasen argazki bat hautatu dut, atzo serio agertu baitzen Europarlamentuan, esanaz espainiar monarkiaren portaerak errepublikaren etorrera bultzatzen duela. Erregearen bi ahizpen txertoaren harira ari zen oraingoan, baina duela gutxi emeritoaren kontu fiskalekin antzeko jarrera azaldu zuen. Tonu kritikoan entzun genuen baita ‘Non dago Mikel?’ dokumentalaren estreinaldian, tortura salatuz, eta lehenago espainiar demokraziaren gabezien gainean, edo Kataluniari buruz.

Aipagarria da adierazpen kritiko horiek egitea Espainiako presidente orde izanda, agintari espainiarren ohiko zurikeria alboratuta. Agian ariketa orekatzailea da, gobernuan irauteko irensten ari direna eramangarriago egiteko. Edonola ere, guretzat estimagarria da Espainia aldean tarteka halakoak ere entzutea; seguruenik han askorentzat gorrotagarria den neurri berean.

Iglesias deseroso omen zaio establishment espainiarrari. Eta susmoa dago irailean hauteskundeak deitu eta Podemos berriro oposiziora bidaltzeko operazioa martxan ote den. Boteretsuak erosoago leudeke ohiko bi alderdi zentristekin, Podemos eta Vox mutur banatan utzita. 78ko errejimenari eusteko azken ahalegina. Hain zuzen, hori izan daiteke Iglesiasek borrokatu nahi duena, oraingoz inkestek saritzen ez dioten pedagogia kritikoarekin.

Dena den, eta Katalunian egin duten bezala, guk ere ireki behar genuke eztabaida: Espainiaren bilakaerari dagokionean, zer komeni zaigu gehiago euskaldunoi?

 

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!