Gaurko argazkia hamabigarren mendeko testu batena da, zehazki ‘lingua navarrorum’ esapidea agertzen dena; hain justu, esapide horrek lotzen dituelako gaurko bi efemerideak: Nafarroaren eguna eta euskararena.
Lotura hori historian zenbaterainokoa izan den, gero eta hobeto ezagutzen ari gara, historialarien lanari esker. Historia ofizialak azal sendoa du, eta ez da samurra haren azpian bila jardutea. Baina dagoeneko badaude hari mutur sendoak esateko izan zela Baskonia edota Nafarroa izeneko esparrua, eta bertan euskarak hedadura handia izazn zuela. Egun bizi gaituen korapiloa litzateke justu iragan hori nola geroratu, nola eutsi lurraldearen eta hizkuntzaren arteko lotura horri globalizazioak ezartzen duen markoaren baitan.
Niretzat sintesia da beste esapide hau: ‘euskararen herria’; alegia, komunitatea eraikitzea hizkuntzaren gainean, euskara bihurtuta gure garapen kolektiboaren ardatz. Normalak dira epe motzeko eztabaidak egitasmo politikoen artean; baina, horien gainetik, arnas luzeko estrategiak eskatzen du komunitatea trinkotzea, oinarrizko adostasunen inguruan. Eta euskara ardatz ezin hobea da talde nortasuna eraikitzeko. Nik behintzat, gaur, ardo nafar ekologiko batekin egingo dut topa ‘euskararen herria’ ospatzeko. Eta auspotzeko.