Gaurko argazkia ez da oraindik argitaratu. Iruñeko Gaztelu plazako tabernen terrazak ageri dira. Aspaldiko partez, gaur jendea jarrita dago zerbait hartzen. Launaka eta tarte handiak gordez, bai, baina jendea dago terrazetan. Elorrioko plazan oraindik ez. Hemen beranduago hasi zen debekua eta, nonbait, beranduago etorriko da baimena. Batean zein bestean, ostalariek jakingo dute ea hainbeste itxialdi, eten eta debeku artean, urtea salbatzeko gai izango diren. Badirudi denek ez dutela lortuko. Eta hori gertatzen bada, lan egitea debekatu dienak du ardurarik handiena, debekuarekin batera jarri behar baitzuen negozioen biziraupenerako dirua.
Baina hori larria izanik, are larriagoa egiten zait plazak hutsik ikustea. Plaza beteak komunitatea adierazten du, batez ere aldarri edo sentimentu batek eragindakoa denean. Gizartea kalean aktibatzen da, eta plazetan biltzen garenean sentitzen dugu talde-, komunitate-, herri-indarra. Asko elkartzen garenean helburu baten alde, orduan sentitzen gara gai injustiziak galarazteko eta erabakiguneetan eragiteko. Horretan behintzat, ez gaitzala pandemiak aldatu. Bizitza (kolektiboa) da handiena; galtzea litzake galtzea dena.