Gaurko argazkia, nola ez, Estatu Batuetako mapa bi koloretan, urdin eta gorri. Mendebaleko metropoli ez-forala bor-bor dago hauteskunde prozesu xelebre baten murgilduta. Mapa erdibituta ageri da bi koloreen artean, eta gaur ez dago oraindik irabazke ofizialik, nahiz hauteslekuak duela egun eta erdi itxi ziren. Zalantzak ere badaude ea posta bidezko botoa behar bezainbat zainduta dagoen, eta bada nazioarteko begiraleen beharra aldarrikatu duenik. Munduko potentzia demokratiko handi batentzat emaitza ondo pobrea, inondik ere! Guk, foralok, xume-xume, pare bat ordura emaitza argiak eta onartuak izaten ditugu.
Oraintxe badirudi Bidenek dituela aukera gehiago hurrengo presidentea izateko. Baina ez dut uste Trumpek galdu duenik. Beno, berak pertsonalki galduko luke, ze egoera zaurgarrian gera daiteke botererik gabe, bere miseriak estali ezinda. Baina trumpismoak irabazi du dagoeneko; Espainian aznarismoak irabazi zuen bezala, Aznar paretik kendu bazen ere. Jarrera predemokratikoa indartzen ari da munduan, Jainkoa edo Espainiaren batasuna jartzen dira herritarren borondatearen gainetik, kontrol demokratikorik gabeko indarrek agintzen dute estatu egituretan, eta jendea mugiarazi daiteke lintxamendu eske ‘a por ellos’ leloa botatze hutsarekin.
Garai berriak arriskutsu datoz, baina errezeta betikoa da: demokrazia, demokrazia eta demokrazia. Herritarren gobernua, alegia.