Gaurko argazkian bi haritz handi ikus daitezke, haizeteak bart abailduta, etxeko atearen alde banatan. Hirurehun urte inguru izango omen zituzten, auzoko zaharrenek betidanik ezagutu dituzte neurri itzeleko. Hiru mendetako erasorik gogorrena jaso dute, nonbait, eta ezin izan diote aurre egin. Ematen du zer pentsa.
Izango zen adina, ziur; denoi eragiten baitigu ahuldadea. Bazen, baita ere, lur harritsua eta zekena; erori direnean agerian geratu da sustrai ugari eta mirrinak zituztela; elikatzeko aski, baina eusteko eskas. Hala ere, heriotzaren arrazoi nagusia haizete izugarria izan da, abiada neurtzen denetik handiena, toki askotan. Kontua da naturaren portaeran marka asko, gehiegi, ari garela gainditzen azken urteotan: eurite, haizete, lehorte, izozte eta desizozte handienak neurtzen ditugu gero eta sarriago. Honezkero negazionista itsuenek ere ez dute ukatzen klima aldaketa, eta saiatzen dira larritasuna kentzen neurriak hartzeko orduan. Kontua da denbora agortzen ari dela eta neurri asko hartuak behar genituela aspaldian.
Dena den, bada inori itxoin gabe egin dezakegun zerbait: Euskaraldian hizkuntza ohiturak aldatu nahi ditugun bezala, gure kontsumo ohiturak aldatzea, hurbileko ekoizle arduratsuen mesedetan. Gero eta posibleago da, eta hedatuko balitz, mundua irauli egingo luke. Nik hainbeste zor diet etxe aurreko bi zuhaitz eroriei.