Gizakia zentzu bila

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Irisarri 2018ko ots. 6a, 15:32

Lehengoan, liburu-denda batera joanda, sorpresa ederra hartu nuen Viktor Franklen “Gizakia zentzu bila” liburua euskaratu dutela ikusita. Izan ere, esaten ahal dut liburu hori bereziki garrantzitsua izan zela nire nerabezaroan, altxor baten gisara gogoratu baitut orduz geroztik.
    Kontua da garai delikatu hartan aztarrika aritzen nintzela liburuz liburu, nire arrangura existentzialak aseko zituzten erantzunen bila edo. Ordea, erantzunik gabe, galdera berri andana pilatzea besterik ez nuen lortzen normalean.  
Baina halako batean “Gizakia zentzu bila” liburua eskuratu, eta, han bai, han erantzun mamitsuak aurkitu nituen psikologo judu batek nazien kontzentrazio-esparru batean bizitako pasadizoen artean. Liburu horretan, Viktor Franklek bikain kontatzen digu zer geratzen zaion pertsona bati den-dena kentzen diotenean,     den-dena, hala nola familia, nortasuna, ondasunak, baita gorputzeko ile guztiak ere. Azaltzen digunez, ez dugu pentsatu behar denok berdin erantzuten dugula erabateko gabeziaren aurrean; kontzentrazio-esparru hartan pertsona batzuek suizidiora jo zuten, beste batzuk zapaltzaileen alde lerratu ziren ahal izan zuten neurrian, eta beste batzuek eskuzabaltasun txundigarria agertu zuten besteei laguntze aldera.
Horra liburu horretako irakaspenik handiena: den-dena kentzen badigute ere, ezin kenduko digute gabetze horren aurrean hartuko dugun jarrera pertsonala, hori gure hondarreko askatasuna baita.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!