Solstizioa

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Irisarri 2017ko abe. 19a, 15:10

Kontu berezi ugari ekarriko dizkigu aste honek. Olentzero etorriko zaigu asteburuan, eta hori izanen da noski unerik handiena txiki guztiendako; Kataluniako hauteskunde ezin interesgarriagoek ere anitzen atentzioa erakarriko dute, eta beste batzuek, ordea, neguko solstizioari erreparatuko diote gehienbat; azken kontu horrek, solstizioak alegia, itxuraz kontu xumeagoa lirudike, baina, nondik begiratzen zaion, denetan garrantzitsuena da.

    Argiaren garaipena iragartzen du neguko solstizioak, egun horretan argi-orduak luzatzen hasiko baitira pixkana-pixkana ilunaren kaltean. Gure gaur egungo mundu moderno teknologikoan ez diogu soberako garrantzirik ematen horri, baina gure antzinako arbaso nekazariendako hil edo biziko kontua zen argia berpiztu eta mendean hartzea iluntasun arriskutsua eta antzua.
    
Eta ez ziren ez maingu ibiltzen gure arbasoak argiaren garaipena igartzeko tenorean, zeren argia iluna garaitzen hasten den une hori negua oraindik ere etortzeko dagoela gertatzen baita, negu gorria eta hotzaldi handienak oraindik ere heltzear direla. Baina makurraldi horren atarian jakitun ziren jadanik argia garaile aterako zela, naturako ilunik beltzenean sumatua baitzuten jada udaberriaren hazia. Eta ospatu egiten zuten. Bai, negurik beltzenean, udaberria ospatu.
Ez dezagun gal hain ikasbide ederra.
Aio eta solstizio on, lagunok!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!