Atzo ekin zioten Iruñean iazko sanferminetan neska bat ustez bortxatu zuten bost mutilen aurkako epaiketari. Politikoki zuzena izan nahiak behartu nau ”ustez” hori esatera. Tira, bego bere horretan errugabetasun-presuntzioaren printzipio juridikoa kasu honetan ere, azken batean Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean bildurik baitago. Baina zuzentasun zuria alde batera utzita, hona hemen nire desira: ustel daitezela espetxean ahalik eta zigorraldi luzeena emanda, inon idatzirik ez dagoen giza senak hala agintzen baitit.
Nolanahi den, izanen dugu heldu diren asteetan epaiketa horren nondik norakoen berri. Izan ere, nik ez nuen epaiketa horretaz hitz egin nahi, epaiketa xumeago batez baizik. Agian, gizon guztiok egin beharko genioke halako epaiketa txiki bat geure buruari. Epaitegiko toga eta formalidade hantuste horiek gabe, noski, eta adorez, gizon guztiok eseri beharko genuke geure buruarekin mahai txiki baten inguruan, eta solasaldi ausarta izan. Ez ote ditugun egunerokoan hainbatetan gutxiesten emakumeak. Ez ote garen erortzen behin eta berriz ditxosozko mikromatxismo horietan, maiz oharkabean bada ere.
Entzun izan diot lagun feminista bati gizateriaren erdia beste erdia zapaltzen ari dela, alegia, gizonok emakumeak. Eta gizonon mikromatxismo horiek direla ekintza biolentoagoen oinarri eta zimendua. Ni ez nator bat horrekin, amildegi izugarria ikusten baitut gizon gehienon eta emakumeak bortxatzen edota hiltzen dituzten gizonen artean. Baina bai, urgentea iruditzen zait gizonok geure jarrera sakon aztertzea, nor bere baitatik hasita.