Ostruka

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Irisarri 2017ko urr. 17a, 18:51

Batzuetan, errealitatea itogarria suertatzen zait. Bai, aski aztoratuta nenbilen batzuen eta besteen aberriaren nondik norako noragabeekin, eta ostrukaren estrategiari lotzea erabaki nuen. Horrela, asteburu luzean Pirinioetako bazter zoragarri batean ezkutatu nuen burua, komunikabideetako hizpide bakarraren zama pixka batean arintze aldera. Hortaz, lau egunez, kantinplorako ura ongi dosifikatzea izan dut kezka bakarra.
Lortu nuen, bai, ederki lortu ere, nire helburua. Izan ere, ez dago naturaren edertasuna bezalakorik nire baitako arrangurak lasaitzeko. Ez eta komunikabideen oihartzun eroa itzaltzea bezalakorik benetako errealitateari erreparatzeko.
Atzo, astelehenarekin, kontentago itzuli nintzen, beraz, eguneroko bizimodura. Ordea, berriz goibeldu nintzen mundurako leiho mediatikoak zabaldu bezain pronto: Somaliako atentatua, sute lazgarriak, espetxe-agindu bidegabeak… Gupidarik gabe, errealitateak anker ulertarazi zidan beti beltz ilunago bat egoten ahal dela beltz ilunaren gibelean.
Lanegunak izaki, egunerokotasunari lotzea beste erremediorik ez dut. Ezin egin, beraz, ostrukarena berriz. Dena dela, oso bestelako mundu bat amets, gogora etorri zaizkit Jorge Oteiza handiak esandako hitzak, hain zuzen ostruka batez ari zela: “Baditu hegalak, baina ezin du hegalik egin; gizakiak bezala”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!