Udak ez du eskuzabal jokatu aurten, eta egin beharrekoak doi-doi eginda, maleta prestatzen hasi da udazkena ate joka hasi baino lehentxeago ere. Horren seinale, egunotako tenperatura hotz samarrak, zuhaitz askotxoren gorrixkak, gorputzaldi txarrak, eta, nire kasuan behintzat, etxeko katu berozalearen maitasun-festa interesatua.
Zaraitzuko eta Erronkariko artzainak ere larrazkena sumatzen hasiko ziren besteok baino lehenago, eta, horrela, artaldeak bideratu dituzte jada Bardea aldera, negu gorrian hango bazkaz elika daitezen.
Aurten, baina, ardien artean ahoz aho dabilen zurrumurru baten arabera, ardi beltz bat ez da besteekin bildu Bardearako bidean, eta artzainen oharkabean, Belaguako larreetan gelditu da bakarrik, erabat sinetsirik negua han emateko gauza dela. Ardi zuriak majo tematu dira ardi beltza haiekin batera biltzeko ahaleginean, baina alferrik, eta artzain-txakurren argudio zorrotzak ere ez omen dira nahikoa izan ardi beltzak amore eman dezan. Harri eta zur geratu dira ardi zuriak, eta ezagutzen dituzten arrisku guztiak aipatu dizkiote ardi beltzari, hala nola hartzak, otsoak, leize-zulo sakonak, ehiztari miopeak eta Karibeko urakan bat Belagua aldera desbideratzeko aukera, baina horiek guztiak ere alferrik.
Ardi beltza, beraz, bakarrik gelditu zaigu Txamantxoia mendiaren inguruan izarrei begira, eta ikusteko dago neguak akabatu edo indartu eginen ote duen.