Birus birtuala

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Irisarri 2017ko mai. 16a, 19:26

Birus errealen arazoa konpondu gabe dugun honetan, birus birtualen arazo berria etorri zaigu gainera. Teknologia sobera agudo doa aurrera, eta nahiz eta gauza askotarako ezinbestekoa eta hagitz onuragarria izan, etengabe ari zaigu arazo berriak ekartzen. Horietako bat, zer ahul bihurtzen gaituen asmo gaiztoko erasoen aurrean. Izan ere, enpresa, administrazio edo ospitale oso bat geldiarazteko gauza izan omen daiteke hacker horietako bat, munduko edozein tokitan egon daitekeen ordenagailu batetik. Egin kontu, diru birtuala ere hasi baitira eskatzen egindako kaltea konpontzearen truke; interneten erabiltzen omen den diru berezi bat da, eta trazabilitate-arrastorik uzten ez duenez, ezin da jakin nondik nora doan.
Arazoa da birtual hitza erabiltzen tematzen bagara ere, mundu birtual horrek ondorio erreal-errealak dituela gure haragizko munduan, eta dagoeneko ia erabat menderatzen duela. Erantsi beharreko beste arazo bat: herritarrok mundu birtual horren barrenean eragiteko dugun gaitasun eskasa.
Aurreko egunean halako kezkak agertu genituenean baratzean egin genuen bazkari familiar batean, aitak ez zuen ja ere esan kontuaz. Baina gaia bukatuta zera esan zigun: “ikusi al duzue nola dauden gereziak, baten bat igoal jateko moduan izanen duzue”.
Jarrera horrek ez du arazoa konponduko, noski, baina benetan lasaigarria izan zen niretako. Urrun daude, bai, birus birtual horiek gure plazer txikiak izorratzetik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!