Zuri- beltz

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Irisarri 2017ko urt. 31a, 16:36

Nola gustatzen zaigun sinplifikatzea. Ñabarduraz beteriko mundua dugu begi-bistan, baina harrigarria da nola tematzen garen erdian marra bat jartzen eta ahal dugun guztia bitan banatzen. Hauek, onak; hangoak, gaiztoak.
Berdin da hizpide den gaia oso konplexua, izugarri zaila edo bereziki mingarria den; laster agertuko zaigu bat, aurrera urrats bat egin eta banalerro bat zirrimarratuko duena, gauzak orokortu nahian. Hauek, zuriak; hangoak, beltzak.
Dozenaka adibide jar daitezke, baina une honetan Estatu Batuetakoa izan daiteke kasu denetan argiena eta lotsagarriena. Zenbait herrialde seinalatu dira, eta, zalantzarako zirrikitu txikiena ere utzi gabe, ustezko terroristak dira hango biztanle guztiak; horrenbestez, Estatu Batuetan sartzea galarazi behar zaie.
Baina ez pentsa Etxe Zurira joan beharra dagoenik halako bidegabekeriak entzuteko. Lagunarteko solasaldietan ere, eta gaia kasik edozein dela ere, gutxien ustean baten batek lerro bat ezarri eta marraren alde batera edo bestera lerratua ikusiko duzu zure burua handik istant batera. Eta berdin da zenbat argudio dituzun taldekatze sistematiko horren kontra; lerrokatuta zaude, eta zuria edo beltza zara, zure kontrolpetik kanpo dagoen olatu erraldoi eta konprenigaitz batek hara eramana.
Zuria edo beltza; gurekin edo gure kontra; soluzioaren parte ez bazara, arazoaren parte zara. Suerte on, lagun koloretsu hori, halakoetatik babesteko tenorean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!