Joxean Artze poeta handiak poema ezin ederragoa eskaini zion lainoari. Gauzak zer diren, poesia bera lainopeko mundu bat izaki, Mikel Laboak musikatu eta argitaratu behar izan zuen poema hura, denok ezagutzeko moduan jartzeko.
Euskaldun guztiok kantatu dugu noizbait xarma handiko kantu hori, eta, hortaz, badakigu lainoa maitagarria dela, hain zuzen, gure baitan pizten diren bazter miresgarriak ikusten hasteko aukera ematen digulako. Handia Artze, eta handia Mikel Laboa ere.
Baina irudipena daukat gauzak majo aldatzen direla lainoa mundu intimotik atera eta ideologien mundura eramanez gero.
Izan ere, ideologien munduan, gure zilborrari begira bizi gara denok, eta, bertan goxo, gustagarri zaigu lainoa egotea bertan, kanpotik datozen argi-izpietatik babesteko. Horrela, ez dago guk bezala pentsatzen dutenen iritziez elikatzea bezalakorik, arrazoia gurea dela ziurtatu ahal izateko. Badu beste ezaugarri oso baliagarri bat lainoak, ederki lausotzen baititu gure inguruan egiten diren iruzurrak eta akatsak.
Azken bolada honetan, askotan suertatzen ari da lainoa gure Iruñerri honetan. Aukera paregabea mendiko botak jantzi eta inguruko mendi-kaskoren batera igotzeko, lainoan barrena esfortzu pixka bat eginez. Ez baduzu sekula halakorik egin, sorpresa galanta hartuko duzu gailurrean. Aholku bat: eraman eguzki-betaurrekoak.