Barañainek berriki bezala, Uhartek ere erabaki du ez duela bigantxarik nahi herriko festetan. Luze gabe adituko ditugu, noski, erabaki horren kontrako kexak eta iritziak. Baina ahots horiek demokraziaren aurka eginen dute talka, eta, gizalegez, ez lukete eraginik izan behar herriak hartutako erabakian.
Izan ere, Uharteko herritar guztiak zeuden botoa ematera deituta, eta, beraz, den-denek zuten iritzia plazaratzeko aukera. Halere, herritarren ehuneko hamalau besterik ez da animatu azkenean, eta, boto horien artean, gehiengo zabala lortu dute bigantxen aurkakoek.
Dudarik ez da demokraziaren ahuleziak eta kontraesanak gelditu direla agerian berriz ere. Datu guztien analisia eginda, botoa ematera deitutako guztien ehuneko hamar izan dira, hor nonbait, bigantxak Uharteko karriketatik desagerraraziko dituztenak. Pentsatzen dut argudio hori erabiliko dutela erabakiarekin haserre agertuko direnek. Badakizue, gutxiengo baten inposizioa eta hori guztia; betikoak bazterrak nahasten eta halako talakak.
Baina iritzia emateko tresna guztiendako egon da erabilgarri. Besterik da erabili duten edo ez. Jokoaren araua da. Hortaz, guztiz bidezkoa izan da emaitza, eta erabat zilegi bigantxak festen programatik kentzeko erabakia.
Ni, izugarri kontent bigantxak herrietako karriketatik desagertuz gero; eta are kontentago, demokrazian isilik egoteak prezio bat baduela ikasiko bagenu.