Heriotzaren atzaparkada lazgarria izaten da betiere, are gehiago ustekabean etortzen bada.
Abisatuta gaude mundu zital honetan, eta ongi dakigu edozein momentutan etortzen ahal dela inguruko lagun bat hil delako berri goibela, baina ezin ohitu, eta beti ziztako arrunt mingarria pairatuko dugu heriotzaren itzalak eguzkiaren epela ezkutatu eta ipar-gorriaren aurrean biluzik uzten gaituenean.
Lagunaren heriotzaren berri jakinda, zuri-beltzeko egunak etorriko dira gero; horietan, hutsalak irudituko zaizkigu eguneroko arrangura handiak, txikikeriak ohiko arazo larriak, irrigarriak gure bizimodu formalaren itxura hantusteak. Eta ordurako ez gara lehengo berberak izanen, eta bestelako begirada gordinago batez begiratuko diogu munduari, errezeloz eta etsipen puntu batez.
Baina munduak biraka jarraitzen. Horra mundu honetako beste lege bat, heriotzaren legea bezain egia. Horrela, pixkana-pixkana atzendu eginen dugu jasandako mina, eta ohiko martxa arruntera itzulita, hilezkorrak bagina bezala jokatuko dugu berriz ere, harik eta beste heriotza batek beste hotzikara bat sentiarazi arte.
Bitartean, eta ezinbestez, segi dezagun orain negarrez orain irriz tragikomedia eder honen protagonistak izaten.