Denbora

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Irisarri 2016ko mar. 1a, 15:54

Gaur martxoan sartu gara, ohi ez bezalako otsail baten ondotik.
Ohi ez bezalako otsaila diot, joan berri den otsailak hogeita bederatzi egun izan dituelako, ongi dakizuenez. Nonbait, urte bakoitzean ia sei ordu gelditzen dira kontatu gabe, eta, horrela, Julio Zesarren eta Kleopatraren garaian jada erabaki zuten, petatxu gisa, bidean galdutako ordu horiek guztiak metatzea, eta, lau urtetik behin, egun berri bat sortzea. Eskuzabaltasun handiz, halakoak baikara beti teoriaren munduan, egun gutxien duen hilabeteari eman zioten egun hori, hau da, otsailari.
Dena den, denbora nahi bezala malgutu eta mugitzeko aukera hori susmagarri samarra egiten da, agerian gelditzen baita denbora gure neurrira asmatutako zerbait dela. Denboraren definizio zientifikoa ikusita oso gauza konplexua ematen badu ere, denborak badu den-denok batere dudarik gabe ongi konprenitzen dugun ezaugarri bat: badoa.
Badoa, bai, eta atzerabueltarik gabe. Antzina-antzinatik heldu zaigu abisua, klasikoen eskutik: tempus fugit, badoa denbora, hodeia bezala, olatua bezala, itzala bezala.
Egia da mezu hori higatu samar dagoela gaur egun, eta jakinduria handiko filosofia izanagatik, askotan aditzen ditugula tempus fugit edo carpe diem bezalako perla jakintsuak esaterako Gran Hermanoko protagonista zozoen ahoan, baina, tira, sekula ez dator gaizki halako mezuak gogoratzea, batez ere jakinda zer erraz ahazten dugun dena, garrantzi handieneko kontuak barne.
Beraz, bizkor jokatu, eta gola egin nahi izatekotan, ez itxoin, Osasunak azkeneko partiduan bezala, gehituriko denboraren azken minutura arte, bizialdian ez dago-eta istant bateko luzapenik ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!