hegazti errefuxiatuak

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Irisarri 2015ko aza. 10a, 15:41

Udaberri giroko udazken honetako egun ederretan maiz ikusten ari gara iparraldetik hegoaldera bidean doazen hegazti andanak. Ikusi eta aditu, nabarmenak baitira haien karrankak, hain bidaia luzean eta arriskutsuan adorea elkarri ematekoak omen direnak.
    Irudi benetan ederra da, eta ez dago mendialdera joan beharrik halako une zoragarri bat disfrutatzeko, antzara, kurrilo eta gainerako hegazti horien pasaldia hirian bertan ikusteko parada izaten baita maiz.
    Nonbait, denetan buru joaten den hegaztiak esfortzurik handiena hartzen du bere gain, baina nekatu orduko atzera egin eta beste hegazti batek hartzen du gainerakoak gidatzeko ardura. Eta hegaztiren bat ezinean ibili eta taldetik aparte geldituz gero, beste batzuek lagundu egiten diote errekuperatu edo leher egina hil arte. Egindako azken ikerlanen arabera, gainera, V formako hegaldi horiek izugarri efizienteak dira energiaren ikuspegitik, eta dagoeneko punta-puntako teknologian aplikatzeko aukera aztertzen ari dira, adibidez, laster ugalduko omen diren drone delako horietan.
    Baina teknologia eta halakoak alde batera utzita, zinez hunkigarriak eta poetikoak iruditzen zaizkit hegaztien bidaia horiek. Azken batean, epelaren bila abiatzen dira hotzetik ihes eginda, eta hori da, gizakiok, modu figuratu batean edo ez, betidanik egin izan duguna gure historia nahasi eta turbulentuan.     Horregatik, nago munduko errefuxiatu guztiek tristura puntu batez begiratzen dietela hegaztien bidaia migratzaileei, ikusita hegaztiek aurretik duten bidea hesi, muga eta gorrotorik gabea dela.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!