Ez dakit ohartu zareten, baina zeinen ongi gauden ongi gauden bitartean. Izan ere, hondarreko egunetan hagineko min izugarria izan dut, eta orduantxe ohartu naiz primeran nengoela mina etorri eta nire bizimoduaren jabe egin den arte.
Halakoxeak gara gu, gaitza etorri behar osasunaz ohartzeko. Hagin malapartatu batek erakutsi dit zoriona ez dela batere zalapartaria, eta dena xuxen bidean oharkabean eta umildade osoz egiten duela bere lana. Gaitza, ordea, anbulantzia bateko sirena-hotsa bezala sartzen da gurean, kalapita eroan, eguneroko gauza arruntenak irauliz eta uneoroko protagonista bilakatuta.
Eta halako batean, haginetako minaz gogoeta egiten ari nintzela agintariak etorri zaizkit gogora, auskalo zer dela eta. Eta iruditzen zait haiek ere oharkabe samarrean bete beharko luketela beren gestioa, lana behar bezala egiten duen hagin xume baten antzera. Azken urteotan, aldiz, sobera protagonista izan dira, egunero ikusi izan baititugu leku guztietan, maizenik kontu usteletan nahasita.
Nik ahal bezain agudo fueratu dut nire baitatik hagin madarikatua, eta bistan da gizartea ere lan horretan ari dela agintarien kasuan. Orain haginak atzendu nahi ditut, horixe izanen baita lanean zintzo ari direlako seinale onena. Eta nahi nuke, baita ere, gauza bera gerta dadin agintariekin:
“Barcinako mina” atzendu nahi nuke, eta ahal dela Barkos eta Asiron izenak ahalik eta gutxiena aditu, non ez den galtzaileen kasketaldi eta negarretan; izan ere, agintari berrien lana oharkabean igarotzea arrunt seinale ona litzateke, inoizkoa baino udaberriagoa dirudien udaberri honetatik hasita.