Euskararen lege berria egiteko eskubideaz eta egokitasunaz
Agur. Azken hilabeteotan, behin eta berriz entzun dut "euskararen inposizioa" hainbaten ahotan. Orain, gainera, kontzeptu faltsu hori manifestazio bihurtu nahi dute ekainaren hasieran. Ez dago dudarik, bertan izanen dira euskararen aurkakoak eta zenbait despistatu. Pentsatu dut despistatu horietako baten batekin hitz egiteko hainbat datu ematen ahal dela.
Adibidez, gogoratu ahal zaio euskara Estatu honetako hizkuntza aitortua dela eta bertakoa, nafarra, gaztelania osatu baino lehenagokoa. Oroitarazi ahal diogu nafar guztiok hautatu ditugun ordezkarien iniziatiba dela lege aldaketa proposatzea.
Bidenabarrean, erraten ahal zaio, gaur egun, nafar batek ez duela eskubiderik euskaraz hitz egiteko nahi duen lurraldeko administrazioarekin, eskubidea zonaldearen arabera aitortzen baita eta ez hiztunaren nahiaren arabera.
Gogoratu ahal zaion bertze gai garrantzitsu bat da hizkuntza hautaketa herritarraren eskubidea izan behar dela, eta ez zerbitzu eskaini behar dion funtzionario edo langilearena.
Azkenik, despistatu horri adierazi ahal diogu aipatutakoak eskubide objektiboak direla, zeinahi hizkuntzarendako desiragarriak hizkuntzen ekologiaren argitan.
Geure aldetik, despistatuekin lan egiteaz gain, Euskararen lege berriak barnebildu behar dituen eskubideen idazketaz pentsatu behar dugu. Ez dezagun erabil guraize, aiztur edo artazi geure hizkuntzaren kaltetan: amets egiteko tenorea da! Idatz dezagun egungo eta etorkizuneko euskaldunok behar degun legea!