Agur. Idiazabal eta Elgoibar futbol taldeak aurrez aurre. Andaluziatik
etorritako epaileak argi adierazi die: "euskaraz ez dut ulertzen, beraz,
euskaraz aritzen bazarete, kaleratuko zaituztet; izan ere, ez dut jakiterik
iraintzen ari ote zatzaizkidaten".
Nik ulertzen ahal dut epaileak eskatzea berari hitz egiteko orduan,
gaztelaniaz egin diezaiotela. Gainera, ziur futbol arautegia lagun duela
arrazoibide horretan. Halere, argi eta garbi dago jokalariek eta teknikariek
nahi duten hizkuntzan komunikatu ahal dutela, eta epaileak ezin dituela
guztiak mehatxatu edota haien hizkuntza eskubideak zapaldu.
Arautegiak arautegi eta eskubideak eskubide, zentzuzkoa al da pertsona
bakarraren eskubidearengatik gainerako guztiena zapaltzea?
Gure lagun batek argi dauka kiroletako epaileei gustatzen zaiela haien
agintea erakustea; eta ez naiz ari kiroletan aritzeko arauak aplikatzeko
orduan, baizik eta duten boterea agertzeko orduan. Bistan da: epaile horrek
lortu zuen bi taldeetako jokalariak eta teknikariak kikiltzea. Arbitroaren
agintekeria eta bidegabekeria ikusita, hobe zuketen partidua jokatu ez
balute.
Epaileari, ordea, Musa Anter idazle kurduaren esaldi ezaguna aipatuko
nioke hausnar dezan: "Nire hizkuntzak zure estatuaren oinarriak astintzen
baditu, erran nahi du, zure estatua nire lurrean eraiki duzula".