Gailu teknologikoak opari nagusi?

Erabiltzailearen aurpegia Jokin Irigoien 2018ko urt. 8a, 16:03

Agur. Eguberriotako opariei erreparatu diet eta, bereziki, ezagutzen ditudan haurrek eta gaztetxoek jasotako gailu teknologikoei. Ez dakit soilik nire inguruan gertatzen ote den, baina ematen du gailu teknologikoren bat tarteko ez badago, haurra edo gaztetxoa ez dela erabat kontent sentitzen.

Horrelakoetan, burura datorkit irudi ezaguna: gazte kuadrilla bildu eta guztiak telefonoari so, elkarri hitzik egin gabe. Ni ez nago teknologiaren kontra, aitzitik, komunikazioa areagotzen edota errazten duten gailuak erabiltzearen alde nago. Halere, teknologiak ezin gaitu itsutu: pertsonak maitatu behar ditugu eta gailuak erabili, ez alderantziz. Eta benetan diot, zenbaitetan ematen baitu gailuak direla maite ditugunak eta pertsonak direla erabiltzen ditugunak.

Noizbait pentsatu izan dut lehia-paradigmaren okerrik handienetakoa horixe dela: sistema honek pertsona lehiakorrak prestatzen baditu, pertsona horiek gailuak maiteagoak izanen dituzte lehiakideak baino. Izan ere, jasotako heziketa lehian oinarritzen bada, gailu teknologiko pertsonalak lehiarako interesgarriagoak izanen dira lehiakideekin elkarlanean aritzea baino. Finean, okerrena da lankidea lehiakide bihurtzen duen sistema gurtzea.

Behin izan zen gizon bat bizi osoa eman zuena aberastasunak pilatzen noizbait norbait izateko ametsetan. Eta aberastu zelarik norbait zela erran zioten. Orduan konturatu zen bere helburua ez zela gainerakoek norbait kontsideratzea, guztion baitako nor hori ezagutzea baizik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!