Agur. "Black Friday" izan omen da, "Ortziral beltza", antza. Eta urtarrilaren bigarren astea heldu arte falta direnak ere halakoxeak izanen dira. Ongi etorri kontsumismoaren festa erraldoira. Dagoeneko, abendu osoa ez, azaroa ere salmenta eroen aroa da, bete-betean. Badirudi Estatu Batuetako kontsumo-festa guztiak kopiatu behar ditugula modernoak eta gizarteratuak izateko.
Ez dut kritikatuko behar gorrian egoteagatik beherapen itxurosoak baliatzen dituena, ez. Aitzitik, ulertu nahi dut nola irensten dugun kontsumismoaren amua erraietaraino zizare nazkagarria dela jakinik. Beharbada, azalpen antropologikoren bat baliatu ahal dugu zertxobait entenditzeko.
Duela milaka urte, gure arbasoak ehiztari eta fruitu biltzaile aritzen ziren oihanean senak gidaturik. Antropologo batzuen iritziz, guretako egungo saltokiak dira aspaldiko ehiztariendako oihanak zirenak. Badakizu, hainbat eta oihan handiagoa orduan eta aukera handiagoa elikagaia erraz topatzeko. Hortaz, kontsumismoaren propagandak gure baitako ehiztari asezinaren sena baliatzen du: txotxongilo maneiagarrien gisara mugiarazten dituzte geure hari sentiberenak.
Zenbaitetan, hausnartu beharra dago eta ondorio argiren bat erdietsi. Argi dago eskaintzen diguten gehiena ez dugula behar eta, agian, horixe bera erran ahal diegu gure gazteei kontsumismoaren atzaparretan ez erortzeko gogoeta egin gabe.