Alargunaren otoitza

Erabiltzailearen aurpegia Jokin Irigoien 2017ko aza. 13a, 15:23

Agur. Bart, antzezlana bukaturik, hizketan gelditu gara antzerkiaren kanpoaldean. Atso bat hurbildu zaigu eta asteburuko kontzertuaz galdetu digu. Agurtzeko tenorean, emakumeak erran digu lagunak zain dituela eta gero eta gehiago direla.

Ulertu nahian, nire lagunari galdetu diot nor ote diren gero eta gehiago: "Alargunak, jakina!", erantzun dit. Bai, gure herrian, azken hilabeteotan gizon batzuk hil dira eta haien alargunak elkartzen hasi dira lehenago alargun ziren bertze emakume batzuekin. Maiz, elkarrekin joaten dira kultur ekitaldietara edota kiroldegiko ostatura partida egitera.

Emakumeak urruntzean, erreparatu diot kuadrilla horretan senarrik gabe urte gehien egin dituen alargunari. Geure amak behin baino gehiagotan aipatzen du emakume hori. Izan ere, gazte zelarik senarra hil zitzaion bortz seme-alaba utzirik. Orduz geroztik, emakumea lanean kementsu aritu zen eta bortz seme-alabak aitzinera atera zituen.

Orain, alargunak zirimirian urruntzen ari direlarik, geure amaren eleez oroitu naiz: "mezetan, Jainkoari Zezik eskatzen zion bakarra osasuna zen. Osasuna, lanean aritzeko eta seme-alabak artatu ahal izateko."

Orduan, nire ametsen sorta luzea atso horren nahi bakartiaren aldean jartzean, pentsakor etxeratu naiz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!