Agur. Iragan maiatzean 43 udalerri eremu ez-euskaldunetik atera eta eremu mistoan sartu ziren. Horrela, lortutako eskubideen artean hezkuntzari dagozkionak begi bistakoak dira. Iruñerriko zati handi batean "D" ereduan ikastea aspaldiko aukera dugu; hain aspaldikoa ezen eskubideez aurrerapauso ausartagoak behar baitira.
Zein euskaldunari ez zaio inoiz gertatu medikuarenean euskaldunik ez topatzea? Edota udaltzainei euskaraz galdetu eta konturatzea bikoteko bat ere ez dela euskalduna? Zenbat aldiz joan gara udaletxera tramitazio bat egitera eta harrerako langile euskaldunak nagusi erdaldunarengana bidali?
Bada, bada garaia euskaldunok Administrazioak euskaraz erantzuteko eskubidea lor dezagun: gainerako nafarrek bezalaxe geure zergak ordaintzen ditugu eta ez dugu zertan eskubide murritzagorik jasan. Beharbada, hori ez da alderdi batzuen lehentasuna inolaz ere, ezta gobernukideen artekoetan ere.
Euskaldun osoak izan arren, eskubideez hutsaren hurrengoa ez izateko dagokiguna eskatu behar dugu. Norabide horretan, sarri Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak aukera emanen digu geure eskubideak exijitzeko.
Zehazki, Antsoainen, Berriozarren, Burlatan, Mutiloan, Sarrigurenen eta Iruñean abiatuko du egitasmoa Kontseiluak, tokian tokiko euskalgintzako eragileekin elkarlanean. Hala, euskararen ofizialtasuna eskatzeko aukera eskainiko diete udalerri horietako biztanleei, etxe guztietan eskuorriak banatuta.
Ez dakit zuek, baina ni irrikitan nago eskuorria sinatzeko eta hala udalari nola Gobernuari eskatzeko euskara ofiziala izan behar dela Nafarroa osoan.