Agur. Orain, euskaltegietan izena emateko aldia dela eta, Catalunyaz hitz egin nahi dut. Baten batek pentsatuko du zaila dela biak lotzea baina neronek bat-egite argia dakusat.
Bi aste barru jendearen iritzia jasotzeko ontziak saiatuko dira plazaratzen. Ziur aski, polizia mota guziak ontzien peskizan ibiliko dira han-hemenka, estatuarendako oso arriskutsua baita kataluniarrek Catalunyaren etorkizuna independentziarekin lotzea.
Bi asteren buruan gertatuko da eta orduan bukatuko da euskaltegien matrikulazio-aldia. Inor gutxi harritzen da Catalunyara joanik eta bazter guzietan bertako hizkuntza aditzen. Euskal Herrian, berriz, euskararen erabileraz jasotako azken datu soziolinguistikoak ez dira hoberenak.
Argi dago ezaugarri historiko, politiko, kultural eta folkloriko ugari hartu behar direla kontuan horrelakoetan baina, nire aburuz, herri baten izaera anitzaren ezaugarririk behinena hizkuntza da. Eta Catalunyan jakin izan dute funtsezko ezaugarri horri eusten. Nola edo hala, nortasun hori babesteko ahaleginak ere azaltzen du herri berezi baten bereizi nahia.
Ez dakit Catalunyak biderik markatuko ote digun, ezta biderik hoberena hartu duen ere. Halere, argi dago bidea ibiltzean egiten dela, eta bere nortasunari eustea duela Euskal Herriak bizirauteko bide bakarra.
Badakit izena emateko orduan euskara ikasleek motibazio desberdinak dituztela, eta guziak direla errespetagarriak, baina niri kataluniarren ahaleginak sekulako indarra eman dit lanean kuraiaz segitzeko.