Liburua eta jakinmina

Erabiltzailearen aurpegia Jokin Irigoien 2017ko api. 24a, 17:02

Liburua eta jakinmina

Agur. Apirilaren 23a izan ohi da "Liburuaren eguna". Eta atzo hala izan omen zen. Ez, lasai, ez natzaizu arituko liburu, arrosa eta opariez; ezta halako ospakizunen alde komertzial nabariez ere . Nire asmoa ez da hori, irakurtzeaz eta jakinminaz mintzatzea baizik.

Atzo goizean, ogia erostera eta bermuta hartzera joandakoan, lagun bat etorri eta gonbidatu nuen. Zer gutxiago! opari eman zizkidan bi liburuak ez baitzizkidan kobratu nahi izan. Solasean ari ginela gazte batzuek ikasteko duten gogo ezaz mintzatu zitzaidan. Lagunak bere larruan bizi izan du arazoa; horregatik, epe luzean, krisialdia aukera bilakatzeaz hitz egin genuen.

Gazte anitzek aukera izan arren, ez dute ikasteko betarik aprobetxatzen; antza, dakiten apurra bizitzeko aski eta sobera dela deritzote. Gainera, anitzek pentsatzen dute, lan egiten hasi bezain laster, baliabide aski izanen dutela etengabeko parrandan ibiltzeko, asmo hedonistarik hutsalenerako.

Nik ez diot inori halako planik hondatu nahi, baina hainbatek ikusi ez duen zerbaiti buruz oharrarazi nahi dut. Bizitzan sumatzen ez diren hari fin ugari dago: hala egungo zientziaren ereduak agerrarazi ez dituenak nola gaurko sistema nagusiak izkutatzen dituen hariak.

Eta zinez diot, hari horiek sumatu gabe bizitzeak ez dakar zorionik: hala bizi diren pertsonak beti sentituko dira bizitzaren biktima, ez dakit zein patu, begizko edota bidegabekeria kosmikoaren biktima. Eta ez da horrela, ez horixe!

Beraz, patuaren txotxongilo hutsa ez izateko, zeure bizitzan parte hartzen duten hari fin horiek ikusten hasteko, ikastea ezinbertzekoa da. Badakit ez dela modu bakarra, baina oinarrizko ikasketak bukatzea eta jakinminari eustea oinarrizkoak dira. Irakurri eta ikas ezazu zeure bizitzaren biktima izan beharrean zeure bizitzaren protagonista izateko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!