Agur. PISA informeaz anitz berri aditu dugu egunotan. Ikasleen Ebaluaziorako Nazioarteko Programaren informea izan da komunikabideotan aztergai izan dutena. Hamaika iritzi entzun dut ebaluazioaren emaitzez; gehienetan, eskandalu eta kezka adierazteko iritziak ez baziren, harrokeria eta poza azaltzeko usteak ziren.
PISA programaren ebaluazioan matematika, natur zientziak eta irakurriaren ulermena dituzte aztergai. Hamabortz urteko gaztetxo batzuei aipatu azterketak egiten dizkiete hiru urtean behin. Segituan, lurralde desberdinen arteko emaitzen alderaketa egiten hasten dira hezkuntza komunitatearen eragile guztiak eta komunikabideak.
Argi dago, lurraldeen eta pertsonen arteko lehia sustatzeko gai ezin hobea. Bertze bat, bai horixe. Hezkuntzaz ari garelarik, behin eta berriz hitz egiten dugu irakasgai zehatzez, ikasleen selektibitateaz eta irakaskuntza sistemaren lehiakortasunaz.
Ez dakit zuek, baina ni kopetaraino nago! Behin eta berriz, adierazten dugu hezkuntzaren bidez benetako pertsonak prestatu nahi ditugula eta, lehendabiziko aukeran, sistemak buelta ematen dio geure baloreen zerrendari.
Nik ez dut hitz egin nahi ikasleen selektibitateaz, baizik eta ikasleen kooperazioaz. Nik ez dut hitz egin nahi irakaskuntza sistemaren lehiakortasunaz, baizik eta pertsonak formatzeko hezkuntzaz. Nik ez dut hitz egin nahi azterketa zailez, baizik eta geure ikasleen baloreez eta gizatasunaz. Eta azterketa lehiakor baten bidez benetako helburuak tapatzeko gai badira, ez dugu merezi hezkuntza diseinatzeko ardura izatea.