Agur. Duela gutxi, lagun taldeko batek erran du alferrik ematen dugula hainbertzeko denbora historiako xehetasunei erreparatzen. Ulergarri gertatzen zait bere asperraldia, bereziki, garrantzitsu kontsideratzen ez dituen iraganeko kontuez aritzen garelarik.
Halere, gogoeta eginez, gerra fronterik gabeko Nafarroan hil zituzten hiru mila eta bortzehun pertsonez oroitu naiz. Hobeki adierazteko, lagun horiek gogoratzeko larunbateko manifestazioan banatutako hiru mila eta bortzehun krabelinak irudikatu ditut.
Irudi horiez gain, burura etorri zaizkit zenbait diktadore, gizaki talde batzuei miseria guztien erantzukizuna leporaturik, milaka hildako eragindakoak. Gogoratu ditut, egungo munduan, populista ultraeskuindar batzuek etorkinak eta errefuxiatuak jomuga jarri baitituzte.
Historiaz lagunak adierazitako axola ezagatik pentsalari existentzialistez oroitu naiz. Existentzialistek diote hemen ez dela deus geldituko eta geure oroitzapena ere galduko dela, malkoak euritean bezala. Baliteke horrela izatea, baina tenore hori heldu artean historiaren irakaspenak gogoan izan behar ditugu iraganeko gerrak eta miseriak ez errepikatzeko.