Ezkaban hildako anaiaren ondoan

Erabiltzailearen aurpegia Jokin Irigoien 2016ko aza. 7a, 15:46

Agur. Egunotan, hildakoen errautsen gainean Eliza Katolikoak erabakitakoa kritikatu dugu lagunartean. Zenbait arrazoi baliatu dugu Elizak deliberatutakoa ez baitzaigu bidezkoa iruditu. Halere, lagun batek adierazi du sentiberatasun handiegia erakusten dugula gorpuen patuaz; adiskideak dio berdin diola behin hil ondoren zer gertatzen den gorpuekin.

Erantzun diot sentimenduen gaineko erabakiak ezin direla errazkeriaz kritikatu. Hobeki ulertzeko, kontatu zidaten istorio bat eman diot aditzera.

Guztiok entzun dugu duela 80 urte Iruñerriko Ezkaba mendi gaineko gotorlekutik ehunka presok ihes egin zutela. Sasian zebiltzalarik, gehienak harrapatu edota bertan hil zituzten. Ezkabako gotorlekuko presondegia famatua zen bizimodu larriagatik. Ez ziren gutxi gaixotasunak edota goseak zendutakoak.

Zenbaitetan senideak elkarrekin sartzen zituzten gotorlekuan. Istorio honetako anaietako bat Ezkaban hil zen. Bizirik gelditu zen anaia, ordea, bere herrialdera itzuli zen espetxealdia bukatzean. Bada, duela urte gutxi, gizona hil ondoren, bere oinordekoak harritu ziren azken borondateak irakurtzean. Adierazi zien bere errautsak Nafarroara ekartzeko eta Ezkabako tontorrean haizatzeko; duela 70 urte hil zioten anaiaren ondoan egon nahi zuen, betiko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!