Agur. Herriko Euskararen eguna ospatzen ari ginela hurbildu zitzaidan Bianako nekazari erretiratua. Euskal Herriko Nekazarien Elkartekoen batzartokira joateko argibide eske etorri zitzaidan gizona.
Gure erakusmahaian dena euskaraz zegoela ikusirik irribarrea egin zuen. Paparrean zeraman lauburu koloretsua erakutsita honakoa erran zidan: "hirurogeita hamahiru urte ditut eta ez zenuke sinetsiko frankismotik abertzaletasunera zer pentsamolde aldaketa izan dudan".
Argi zegoen gizonak ez zuela premiarik batzarrera joateko, bere bilakaeraren berri zehatza eman baitzidan. Azkenik, lagun batek gidaturik EHNE sindikatuaren batzarrera joan zen.
Berriozarren bere VI. biltzarra egin du Nafarroako EHNEk. Kongresu bukaerako hitzaldian, gogoan izan dute lehen sektorearen krisi sakona. "Kapitalismoak aurrekaririk gabeko egoera larri batera" darama gizateria. Lehendakari berriak erantsi duenez, "aldaketa klimatikoak, bioaniztasunaren suntsiketak eta petrolioaren nagusitasun energetikoak ordaina pasako digute".
Nekazariek eta abeltzainek TTIP merkataritza askeko hitzarmenaren kontrako borroka nabarmendu dute. Presidente berriaren aburuz: «gertakari guztiak ezin zaizkigu arrotzak iruditu, nahiz eta urrunekoak direla pentsarazten diguten».
EHNE sindikatuaren batzarraren leloa Gure nekazaritza zuen elikadura izan da eta elikadura subiranotasuna exijitu du. Bianako mahastizainak erran zidan bezala «hizkuntzak, historiak eta kulturak ez ezik, elikadurak ere egiten gaitu herri".