Agur. Nik banekien nire ahotsa moldatzen lehengo frekuentzian; frekuentzia berria izanik, ez dakit ongi egokituko naizen. Nire ahotsa aditzen baduzu, entzule, FMko 98.3an gauden zantzua da: beraz, nire ahotsa frekuentzia honetan ongi moldatu dudan seinale.
Frekuentzia berria gogoratu ondoren, txantxa gutxiagoko gaia dakarkizut, lagun. Heldu den larunbatean, euskalgintzako anitz erakundek mobilizazioa deitu dute Iruñean. Izan ere, Nafarroako Gobernu berrian euskaltzaleak izanik, ez baita ongi ulertzen nola eusten dioten euskararen lehengo lege zaharrari. Nik Gobernu berria nahi nuen; ez Gobernu zaharberritua.
Azalduko dut hobeki. Gobernuko kide gehienek badakite berdintasuna lortzeko ezin direla neurri berberak aplikatu jende guziari, hots: lan arloan emakumearen berdintasuna bilatzen badut, ezin diet soldata igo emakumeei eta gizonei berdin. Berdintasuna erdiesteko, emakumezkoei igo behar diet gehiago, ezta?
Bada, berdin gertatzen da guztion baliabideak kudeatzeko hainbat arlotan. Euskara baztertzen zeneko eskaintza eta diruak gutxitxo hobetzen baditut, gure hizkuntzaren tratamenduan ez dut sekula berdintasunik lortuko. Hortaz, euskararen kasuan eskaintza eta diruak, agian, zertxobait hobetu dira, baina nafarron legezko eskubideak lehen bezala segitzen du.
Gaur egun, nafarrok ditugun eskubideak dagoen Gobernuaren nahi erara aldatzen dira. Areago, eskaintza dagoen arren, legez, hegoaldeko nafarrek ez dute batere eskubiderik. Badakit gobernatzea ez dela erraza; badakit sozio berdintzale batzuendako euskara traba baizik ez dela; baina nafarrok eskubide berberak izan behar ditugu lurralde osoan, euskaldunok ere bai.