Monsantoren pozoi ahaltsua

Erabiltzailearen aurpegia Jokin Irigoien 2016ko mai. 16a, 15:30

Agur. Europako Parlamentuak zazpi urtez luzatu du glisofato herbizida ezaguna merkaturatzeko baimena. Monsanto multinazionalaren belar-pozoiari egozten diote akuiferoak kutsatzea eta minbizia eragitea. Frantziako elikadura-agentziak herbizida horren debekua hiru aldiz gomendatu arren, korporazioak bere helburua lortu du.
Monsantok negozio bikaina egiten du: nekazariei pozoiarekin batera herbizidak kaltetzen ez duen hazi transgenikoa saltzen die. Negozioaren tamaina ulertzeko derragun, Argentinan, bortz urteren buruan, 14 milioi litro glisofato erabiltzetik 150 milioi litro isurtzera pasatu zirela.
Glisofatoaren arrastoak elikagaietan eta pertsonen gernuan aurkitu dira. Hemezortzi herrialdetan ikerturiko pertsonen %90k glisofatoaren hondarrak zituen gernuan. Andres Carrasco ikertzaile argentinarrak salatu du belar-pozoi horrek hesteetako zein bihotzeko arazoak eta eraldatze neuronalak eragiten dituela. Adituak gaineratu du herbizidaren erabilera beldurgarria dela: nekazaritzan baliatutako kontzentrazioaren herena aski omen da errandako gaitzak eragiteko.
Nekazariek erreakzionatzen ez badute, arazo larriak izanen dituzte, batez ere, lurzoruaren mikrobiologian gertatuko diren aldaketengatik. Argi eta garbi azaltzeko: belar txarren edo zomorroen kontra estrategia bakarra erabilita porrota da emaitza, epe luzera erreakzio ekologiko eta genetikoak eragiten baitira.
Herritar guztiok eskaera argiak egin behar dizkiegu administrazioei: glisofatoaz zein bere ondorioez dituzten informazioak argitaratzeko eta alternatiba osasungarriak aztertzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!